BCC Basque Culinary Centerrek Araban izango dituen bi egoitzetako baten lehen harria jarri dute gaur, Guardian egindako ekitaldi instituzional batean. Bertan iragarri dutenez, lanak 2027ko udazkenean bukatu nahi dituzte, 2027-2028 ikasturtean lehen ikasleak hartuz.
Besteak beste, Amaia Barredo Nekazaritza sailburuak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak parte hartu dute ekitaldi sinbolikoan. Horiekin batera, BCCk iragarritako ohar baten arabera, inguruko upategietako ordezkariek, hainbat alkatek eta "sektoreko elkarte eta erakunde ugarik" ere parte hartu dute. Hasiera batean Imanol Pradales lehendakariaren presentzia iragarrita bazegoen ere, azkenean ez du parte hartu.
Barredok iragarri du "Biasteriko EDAtik, Euskadin ardoaren sektorearen eraldaketa gidatuko duten pertsonak aterako" direla. Gonzalezen esanetan, egoitza "eraikin bat baino gehiago izango da: kultura proiekzioaren eta ezagutzaren sinbolo bat izango da Arabako Errioxarako". Azkenik, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak esan du proiektua "prestakuntza, ikerketa, berrikuntza eta ekintzailetzan nazioarteko erreferente bihurtzeko bokazioarekin" sortu dutela. Lehen harri sinboliko horretan, "desioak" biltzen dituen esaldiekin sinatutako liburu bat eta ardo botila bat lurperatu dute.
BCCk aurreratu du eraikinak 3.000 metro koadro inguru izango dituela, bai eta hiru laborategi, lau tailer, gela sentsorial bat, ekintzaileentzako inkubagailu bat eta startupak bultzatzeko sei gela ere; horrez gain, ardogintzan zentratutako "solairu pilotu bat" eta wine bar esperimental paratuko dute. Aurreratu dute "laster" lehen harria jarriko dutela Gasteizko egoitza hartuko duen lursailean.