Oiongo Udalaren Osoko Bilkurak, abenduaren 10ean egindako bilkuran mozio bat onartu zuen, Palestinako herriarekin elkartasunez. Eten egingo dituzte Israelgo Estatuarekin harreman zuzena duten enpresa, entitate eta instituzioekin dituzten kontratu, merkataritza lotura eta erakunde harremanak.
Ekimen hau EH Bildu Oionek aurkeztu du, udalaren jarduna "giza eskubideen defentsarekin eta nazioarteko zuzenbidearekin" lerrokatzeko helburuz. Neurriaren bidez, Oiongo Udalak bat egin du Gazako genozidioaren testuinguruan antzeko erabakiak hartu dituzten beste udalerri batzuekin.
Mozioak bi helburu nagusi ditu. Batetik, kontratu eta akordioen berrikuspena. Udalak indarrean dituen kontratu, lizitazio eta hitzarmen guztiak berrikusiko ditu, ziurtatzeko ez dagoela lotura ekonomiko edo komertzialik Israelgo Estatuaren politiketatik etekin zuzena lortzen duten erakundeekin. Bestalde, bakearen eta justiziaren sustapenerako konpromisoa hartu dute. Udalak bere konpromisoa berretsi du bakea eta justizia maila globalean sustatzeko, eta prest agertu da tokiko eskumenak "presio baketsuko tresna" gisa erabiltzeko.
Oiongo alkateak, Jose Manuel Villanuevak adierazi du mozioak “Oiongo herritarrek elkartasunaren eta nazioarteko legezkotasunaren balioekiko duten sentsibilitatea eta konpromisoa” islatzen dituela. Villanuevaren esanetan, erabakia ez da soilik udal politika tekniko bat, baizik eta herriaren jarrera etiko eta sozialaren adierazpen argia.