Isilduta geratu diren andreak berreskuratuz

Juanma Gallego 2025eko abenduaren 14a

Lantziegoko tailerra bukatu dutenean ere, ondorengo askarian oroitzapenei tiraka jarraitu dute emakumeek. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Bastidan eta Lantziegon emakumeen izenak berreskuratzeko hainbat ekimen egin dituzte, Laia eskolaren eta instituzioen arteko laguntzari esker. Horien bitartez, informazioa bildu eta zabaldu dute, baina kale izendegira emakume gehiago eramateko ahaleginean ere aurrerapausoak ematen ari dira.

Aztarna materialez gain, agirietan oinarrituta eraikitzen da hein handi batean historia, baina jakina da ere horrek alborapen handi bat dakarrela ezinbestean: modu batean edo bestean paper gainean idatzita geratu ez diren izenak ikusezin bilakatzen dira. Oro har, klase xeheetako pertsonekin gertatzen da hori, baina alborapen hori are nabarmenagoa eta orokortuagoa da emakumeen kasuan. Zer esanik ez, klase xeheetako emakumeak izaten direnean. Historiaren pasarteetan utzitako hutsune horiek betetzeko hainbat ekimen egin dituzte Arabako Errioxan, Laia eskolaren eta erakundeen laguntzarekin. Lantziegon, emakumeen izenak berreskuratzeko tailer bat egin dute, eta Bastidan ere gaia jorratu dute. Lehen kasuan, lau bilkura egin dituzte, Mentxu Ramilo Araujo politologoak gidatuta. Bigarrenean, Errotik kooperatibako Leire Abaigar kazetariak eta Savina Lafita antropologoak koordinatu dute ekimena. Topaketa horietan guztietan, praktikara jauzi egin dute, herrietan bizi den jendearen laguntzarekin hutsune horiek apurka-apurka betetzeko helburuarekin.

Bastidako ekimena aldundiak martxan duen tokian tokiko memoriaren berraktibazioa eta berrikuspen historikoaren barruan egin dute. Iaz argitaratu zuten Ez da kontatu ziguten bezala, Arabako emakumeen aztarnak historian liburuxkan oinarritu dira bigarren erronda hau egiteko; bertan jaso zituzten gaietako bat izan zen Errepublika garaiko maistrek Bastidan utzi zuten aztarna, eta horretan sakondu nahi izan dute oraingoan. Baina, horrez gain, beste zenbait arlotan emakumeek izan duten rolaren gaineko testigantza, ekarpen eta xehetasun gehiago bildu nahi izan dituzte.

Hezkuntza, berdintasunerako tresna

"Garai batean, hezkuntza ez zen berdin hartzen emakume eta gizonentzat. Diru gehiago zutenentzat pribilegio bat zen, eta emakume eta gizonezkoek ez zuten sarbide berdina hezkuntzara", gogora ekarri du Lafitek. Espainiako Errepublikaren oinarrietako bat izan zen, hain justu, hezkuntza publikoan inbertsio handia egitea, populazioa alfabetatzeko. Eskola publiko andana sortu zen, hiri zein landa eremuan. "Horrez gain, irakasle ugari kontratatu zituzten; eskola publikoetan hezkuntza laikoa sustatu zen, eta sexuen araberako segregazioa alboratu egin zen".

Gauza handi zein xumeagoetan aitzindariak izan diren emakumeak azaleratu dira.

Aurretik, mutilak zientziarako eta espazio publikoan ekoizteko moduko jardunetarako hezi egiten zituzten, baina nesken kasuan helburua zen etxea, komunitatea eta familia zaintzea, batez ere. Ilustrazioaren baloreetan oinarritutako eredu honi buelta eman zioten Espainiako Bigarren Errepublikan. Eskoletan ere, misio pedagogikoen bitartez Errepublikak kultura eraman nahi izan zuen landa eremura, liburuak, musika edo antzerkia eramanez. Gurean, Bernedo, Lagran edo Urizaharrera iritsi ziren misio hauetako batzuk.

Bastidan, Bigarren Errepublikaren garaiko maistretatik abiatu dira emakumeen rola azalarazteko. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Jakina denez, hau guztia hankaz gora jarri zuten frankistek egindako estatu kolpearekin. 1936ko azaroan, erregimen berriarekiko leialtasuna ziurtatzeko batzorde bat sortu zuten frankistek, maistra bakoitzaren gaineko galdetegi sorta batekin. Bastidaren kasuan, lau maistrek —Maria Grijalbo, Pilar Olloki, Francisca Martin eta Fidela Sierra— purga politiko hori gainditzea lortu zuten, horretara aukeratuak izan ziren gizon bastidarrek haien balorazio positiboa egin zutelako. Araban guztiek ez zuten horrenbesteko zorterik izan, eta abiatutako 560 espedienteetatik, 100 irakaslek zigorren bat izan zuten, "leialak" ez izatea leporatuta. Patu latzagoa izan zuen, adibidez, Jose Fidel Ortiz de Anda eskolako zuzendariak, fusilatu baitzuten.

Beste zenbait herritan maistrek izan zuten rola gogora ekarri dute bertaratutako zenbaitzuk. Hala, Guardian eskola publiko laikoarekin batera, eskola pribatu eta katolikoa ere izan zuten, eta Elvillarren bertako maistra batek rol garrantzitsua izan zuen errepublikanoen kontrako errepresioa eta hilketak saihestu nahian. "Gau bat eman zuen deskargu pleguak idazten, Gasteizera eramateko", esan du parte hartzaile batek.

Kale izendegirako jauzia

Herrian atzerago joan dira izenak berreskuratu eta azalerazteko ahaleginean, eta XVIII. mendean Bastidan Burdeos estiloko lehen upategia sortu zuen Ramona Norberta de Albizen omenez kale berri bat izendatu du udalak duela gutxi, prozesu parte hartzaile baten ondorioz.

Emakume askok parte hartu dute Lantziegon egin duten tailerrean. Mentxu Ramilok blog batera eraman ditu bertan jasotako istorioak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Antzeko asmoa dute Lantziegon. Bertan, herriko tokiren bati berariaz emakumeei erreferentzia egiten dien izena jartzeko asmoa dute, oraindik tokia eta izena zehaztu ez badituzte ere. Hori izan da, hain zuzen ere, Mentxu Ramilok gidatutako tailerraren helburuetako bat. Baina harago joan nahi izan dute. Herriko emakume ugarik parte hartu dute, eta, guztien artean, hamaika istorio berreskuratu dituzte. Komunean egindako lana izanda, askotan hari batetik tiraka beste hari asko atera dituzte. Horrez gain, lanciegosaberes.blogspot.com bloga mihise bezala erabili dute herriko emakumeen historia eta istorioak lehen lerrora ekartzeko. Modu horretan, tailerra bukatuta ere, Ramilok aitzakia bat jarri nahi izan die, blog hori kontakizun berriekin betetzen segitzeko. Orain arte egindako lana handia izan da, bi hilabete eskasean 40 bat sarrera osatu dituztelako. "Animatzen zaituztet idaztera, intereseko informazioa sartzen jarraitzeko", animatu ditu politologoak parte hartzaileak.

Istorio andana

Tailerreko jardunaldietan agertutako istorio asko blogean daude, eta guztietan igartzen da orain arte emakumeek egindako lanari oso garrantzi txikia eman zaiola. Parte hartzaileek gogora ekarri dutenez, askotan funtzio edo lanbide nagusia senarrarena zen, baina askotan beren emazteek bigarren plano batean lanaren zati handia egiten zuten. Norabide horretan, istorio bitxiak atera izan dira: izan askotan gaua iritsi orduko mozkortzen zen gizonezko mediku baten kasua, larrialdiko artatzeak emaztearen esku geratzen zirelarik, edota ezer gutxi egiten ez zuen aguazilarena, emaztea kaleak eskobatzen ibiltzen zenekoa. Eta testigantza harrigarriak ere azaldu dira. Kasurako, 1996an 17 urterekin semeak ehiza egiteko arma baimen baten bila Guardia Zibilarengana jo eta amari tutore izateko aukera ukatu ziotenekoa.

Gauza handi zein xumeagoetan aitzindariak izan diren emakumeen izenak azaleratu dira tailerrean, eta gehienak blogera eraman dituzte. Asuncion Iñiguez izan zen prakak jantzi zituen lehena. Josefina, postariaren emaztea, bizikletan ibiltzen ikusi zen lehenetakoa, Binasperira joaten baitzen arraina saltzera. Alicia Blanco, sukaldean herriko lehen telefono zentralita izan zuena. Charo eta Maria Luisa Uriarte, traktorean ibili eta lurrak landatzen aitzindariak. Josefina Zufiaurre tabernaria, Lourdes Arrieta edota Nekane Etxenausia irakasleak, Iradier Salaberri bandan aritu diren Itziar Ocariz eta Susana Zabala lehen klarinete jotzaileak, edota munduan handik hona ibili zen Mari Cruz Perez de Onraita serora, batzuk aipatzearren.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago