Bigarren urtez, EH Bildu eta PSE-EE alderdiek 2026rako Oiongo aurrekontuak adostu dituzte. Hala, gaur arratsaldean egin behar duten osoko bilkuran onartuko dituzte 4,1 milioi euroko kontuak.
Inbertsiorik handiena 2,2 milioi eurokoa izango da, kiroldegi berri bat eraikitzeko. Aurreratu dute proiektua gauzatzeko hainbat urte beharko dituztela, bai eta beste zenbait erakunderen finantzazioa jasotzea ere. Gazteentzako kirol instalazio bat sortuko dute —9.250 euro— eta 10.000 euro gorde dituzte tokiko merkataritzarentzako laguntzetarako. Berdintasunak eta bizikidetzak beste 30.000 euro izango dituzte, memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginak, 15.000 euro. Gazteentzako eta umeentzako jardueretarako 38.000 euro aurreikusi dituzte, bai eta beste 20.000 euro hiri altzariak eguneratzen jarraitzeko.
Jose Manuel Villanueva EH Bilduko alkatearen arabera, akordioak "udalerriaren erronka handiei arrakastaz heltzeko aukera" emango du. "Klima aldaketaren aurkako borrokari, kalitatezko zerbitzu publikoen indartzeari eta justizia sozialaren sustapenari" egin die erreferentzia.
"Udal kontuen erdigunean hiritarren beharrak egotea lortu dugu sozialistek", nabarmendu du PSE-EEko zinegotzi Oscar Layanak. Hitzarmenari esker, "etxebizitza, berdintasuna, gazteria" zein "udal zainduagoa, irisgarriagoa, biziagoa eta aukera gehiago dituena" lortzen ari direla babestu du.