Azaroaren 25an izan den Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzako Nazioarteko Egunaren harira, 2008an Mañuetan gizonezko bikotekideak hainbat labankadaz hil zuen Estibaliz Angulo emakumearen omenez zuhaitz bat landatu dute herrian, igande honetan eskualde mailan egindako ekitaldi sorta batean.

Mañuetako Konstituzio plazan bildu dira igande goizean dozenaka lagun, eta bertatik Villabuenara abiatu dira ibilaldi batean, ondoren bueltako bidea eginez. Behin herrira itzulita, manifestu bat irakurri dute, indarkeria matxista arbuiatuz, eta, bereziki, Mañuetan hildako emakumea gogoan izanda. Haren oroimena mantentzeko, zuhaitz bat landatu dute Jubilatuen plazan, eta inguruan indarkeria arbuiatuz hainbat mezu idatzi dituzte, harri zurietan margotuta. Aurreskua dantzatu dute amaieran, bai eta hainbat abesti kantatu ere.