Labrazako kontzejua, Araba Bizirik, Arabako Mendiak Aske eta Arabako Errioxa Bizirik taldea batu egin dira larunbat honetan, Labrazan egin asmo duten zentral eolikoaren aurka azaltzeko. Salatu dute proiektuak ondorio “itzulezinak” izango lituzkeela, bai lurraldean eta baita inguruko animaliengan ere, eta bertan behera uzteko eskatu diote Oiongo Udalari.
Proiektua zalantzan jarri duten bi helegite prozesuan daude oraindik, aldez aurreko administrazio baimenari eta plan bereziari eragiten diotenak, eta eskatu dute jarduera oro bertan behera utzi dezala udalak, “epaitegiek esan beharrekoa entzun arte”.
Labraza arriskuan dagoela salatu dute. Herritarren bizimodua eta bizi kalitatea kaltetuko dituela ohartarazi dute, “etengabeko burrunba hotsa gau eta egun, aldizkako argi eta itzalak... eta ingurune naturalaren suntsipena ere ekarriko dutela salatu dute, basoak soiltzea, hegaztiei kalteak, eta eragin “areagotua beste zentral eoliko batzuek jada kaltetutako paisaian”, besteak beste.
Instituzioak enpresen alde
Iberdrola eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean egin nahi dute Labrazako parke eolikoa, Aixeindar enpresaren bidez, eta salatzaileen esanetan makroproiektu honek “euskal oligopolio energetikoaren interes pribatuari soilik” erantzuten dio. Iberdrolaren helburua negozioa egitea dela salatu dute, eta Jaurlaritzarena “operazio osoa erraztea”. Elkarlan publiko-pribatuaren izaera ere salatu dute.
EAJ eta PSE alkatetzan zeudenean bultzatutako proiektu honetan, EH Bilduren papera ere kritikatu dute agerraldian. Oposizioan zegoenean proiektuaren aurka zegoela zirudien, azaldu dutenez, eta horrek balio izan omen zion hauteskundeak irabazteko. Baina alkatetzara helduta proiektuaren tramitazioa amaitzeko konpromisoa hartu dutela salatu dute, “gezurrezkoa den inperatibo administratibo baten aitzakia erabilita”. Gezurretan aritzea leporatu diote alkatetzari.
EAEko energia plana “fartsa” bat dela adierazi dute, esanez ez diola benetan begiratzen ekosistemetan izango duen eraginari, eta udal eta kontzejuei “erabakitzeko ahalmen oro kendu” izana salatu dute. Proiektua gelditzeko beharra aldarrikatzeko egun osoko jaialdia antolatu dute abenduaren 13rako, Labrazan bertan.