Obrak hasi dituzte Labrazan

Juanma Gallego 2025eko azaroaren 20a

Oiongo udalaren arabera, mometuz zero kotako obrarako baimenarekin jarduten ari dira. Argazkia: IREKIA

40 megawatteko parke eolikoa jartzeko lanei ekin die Aixeindarrek. Errekurtso bat jarrita dagoen arren, inork ez du eskatu obrak kautelaz geldiarazteko.

Labrazan parke eoliko bat jartzeko lanei ekin diela iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Iberdrolak eta EEE Energiaren Euskal Erakundeak eratutako Aixeindar sozietatearen instalazio hau martxan jartzeko 59 milioi euroko inbertsioa egingo dute. Nafarroako ECAY enpresak egingo ditu obrak, eta Siemens-Gamesak fabrikatuko ditu aerosorgailuak. Orotara, 5 MW-eko zortzi errota izango dira. Azpiegiturak ez du ebakuazio linearik beharko, dagoeneko linea bat paratuta dagoelako Guardiarekin lotura eginez. 

Jaurlaritzak trantsizio energetikorantz egindako "urrats erabakigarritzat" jo du Euskal Autonomia Erkidegoan azken hogei urteetan martxan jartzen den lehen parke eolikoa abiatzea. 40 MW-eko potentziako proiektu honekin, EAEn instalatutako potentzia eolikoa %26 handituko da. Aurreratu duenez, 2030erako energia berriztagarriaren potentzia hirukoiztu nahi dute, egungo 350 megawattetatik 900era igaroz.

Oharrean, Trantsizio Energetikorako Sailak ziurtatu du proiektuak "baimen guztiak" dituela: ingurumen eta administrazio baimenak, onura publikoko deklarazioak eta Aguilar Kodes (Nafarroa) zein Oiongo udalen obra lizentziak.

Hilaren 12an Oionen egindako azken osoko bilkuran, ordea, Jose Manuel Villanueva alkateak esan du behin betiko baimenak oraindik "hilabete eta erdi" inguru beharko duela, ingurumen lizentziaren esperoan, eta horregatik Aixeindarrek momentuz zero kotako obrarako baimena eskatu duela.

Osoko bilkura horretan ere alkateak argitu du udalak txosten juridiko bat eskatu duela jakiteko ea berriki Errioxako Jatorrizko Izendapenaren Kontseilu Arautzaileak eta Labrazako Administrazio Batzarrak parkearen aurka jarritako administrazioarekiko auzi errekurtsoagatik udalak obren lizentzia ukatu behar ote duen. Fernandez de Troconiz abokatuen txostenaren arabera, inork ez duenez eskatu obrak kautelaz geldiaraztea, errekurtso horrek ez dio eragingo udalak obra baimena emateko hartutako erabakiari. "Inork ez du eskatu kautelaz obrak geldiarazteko; inork ez du honetan busti nahi, badaezpada horrekin obrak gelditu eta fidantza gisa mahai gainean billeteak jarri behar diren".

Udalek 1,2 milioi euro jasoko dituzte hasieran, eta urtean beste 230.000 euro inguru jasoko dituzte, zerga eta kanonen bidez. Lakuak dio 90 lanpostu sortuko direla, oharrean lanpostu horiek obretan zehar edo behin parkea martxan dagoela izango ote diren argitu ez badu ere. Oiongo alkatearen arabera, "ahozko akordioa" lortu du Aixendarrekin, obretarako espezializaziorik gabeko langileak behar dituztenean Oiongo Lanbidera jo dezaten aurrena.

Parkeari dagokionez, hegaztiak eta biodibertsitatea babesteko "neurri berritzaileak" izango dituela dio Lakuak, hegazti "sentikorrak" detektatu eta aerosorgailuak gelditzeko neurriekin. Bestetik, lorategi bertikal bat paratuko dutela diote, eta crowdlending prozesu bat abiatuko dutela aurreratu dute, "arabarrak parkearen jabe bihurtzeko", kontzeptu horretan gehiago sakondu gabe. Modu berean, Jaurlaritzak ezagutzera eman du berriztagarrien inguruko parte hartze eta "sentsibilizazio" prozesu bat jarriko duela martxan, "akordio estrategiko eta integratzaile" bat lortu aldera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago