Nafarroako Erresumak Arabako Errioxako zati handi bat hartzen zuen garaiko mugak berreskuratzen ari dira Aguilar Bizirik kultur elkartea eta Aguilar Kodeseko Udala, larunbatetan egiten ari den ibilaldi sorta batez bitartez. Zehazki, Villamayor de Monjardín (Nafarroa) herrian hasi eta Naiaran (Errioxa) bukatuko den ibilbidea egiten ari dira, tartean Arabako Errioxa zeharkatuz.
Ibilaldiarekin batera, Done Jakue Bidea egiteko erabiltzen zen adar edo ibilbide osagarria berreskuratu nahi dute. Nafarroako zatia agirietan dokumentatuta daukate. Haien asmoa da Arabako zatia ere agirietan edo bestelako zantzuetan dokumentatu ahal izatea.
Datorren larunbatean —hilaren 22an— egingo dute ibilbidearen azken etapa, Villabuena eta Naiara artean diren hamazazpi kilometro inguru eginez. Goizeko bederatzietan jarri dute hitzordua, Villabuenako elizan, baina autoekin buelta antolatzeko ordu erdi lehenago egoteko eskatu dute. Informazio osagarria lortu aldera culturalaguilarbizirik@gmail.com posta elektronikora jo daiteke.
Azken bi asteburuetan aurreko bi etapak egin dituzte, Meanotik (Nafarroa) Elvillarrera, eta bertatik Villabuenara. Zeharkatzen dituzten herrietan leku esanguratsuak bisitatzen ari dira. Kasurako, Araban sartu den lehen etapan Kripanen eta Elvillarren geldiuneak egin dituzte, bertako elizak bisitatuz, eta herri horretako historiaz ikasiaz.
Dagoeneko Arabako Errioxako Kuadrillako ordezkariekin bilera bat egin dute, eta, bertan datorren urtean kuadrillak modu aktiboan parte hartzeko aukerak aztertu dituzte. Kasurako, ekimena ezagutaraziz edo logistikan lagunduz. Ez da kuadrillarekin egiten duten lehen kontaktua. Izan ere 2020an lehen bilera egin zuten, eta duela bi urte ere aurreko legegintzaldiko presidentearekin mintzatu ziren, aukerak aztertzeko, baina azkenean aurten ekin ahal izan diote ibilbideari.
Elkarteko kideek diote asmoa dela datorren urteetan hitzordua finkatzea, eta etorkizunerako aztertzen ari dira ere inguru honetan Vianako Printzerriak hartzen zituen lurren inguruan bestelako ekimen kulturalak sustatzea, egungo mugaren bi aldeen arteko lan komuna eta elkar ezagutza handitu aldera.