XVIII. mendean Bastidan Burdeos estiloko lehen upategia sortu zuen Ramona Norberta de Albizen omenez herrian kale berri bat izendatu du gaur Bastidako Udalak, prozesu parte hartzaile baten ondorioz.
Udalari buruzko informazioa eta baliabideak ematen dituen mugikorretarako aplikazio baten bitartez aukeratu ahal izan dute kalearen izendapena bastidarrek. Emakume aitzindariaren izena jartzearen alde lerrokatu dira botoa eman duten herritarren %38. Udaletik bertatik botatako beste aukerak hauek izan dira: Malvasía, Cepas Viejas eta Rioja Alavesa-Arabar Errioxa.
"Kaleak izendatzeko prozesuan ere herritarren parte hartzea funtsezkoa izan daitekeela uste dugu", azaldu du Daniel Garcia alkateak, prozesuaren arrazoiez galdetuta. "Askotan udaletan erabaki asko lau horma artean hartzen dira, eta hau modu polita zen erabakia herritarrengana iristeko". Gainera, prozesu erraza izan dela nabarmendu du, kale izendegia "zerbait garrantzitsua izan arren", erabakiak ez dakarrelako harekin aurrekontu edo prozesu konplikatu bat.
Orain arte modu informalean Palmiro gisa ezagutzen zen etxe berrien kalea erregistro guztietara eraman beharko dute orain. Garciak aurreratu du aplikazio bitartez egindako lehen esperientzia honetaz baliatuko direla aurrerantzean beste zenbait gairen inguruan bastidarren parte hartzea sustatzeko.
Burdeos metodoaren sustatzailea
Pozik hartu du albistea azken urteotan emakume honen izena berreskuratu duen Salvador Velilla etnografo eta ikertzaileak. Pandemia garaian topo egin zuen emakume honekin, ohi bezala, artxiboak arakatzen ari zela. "Dokumentazioan ageri da 1793rako ardoa egiten zuela ontze estilo berri horrekin. Hortaz, lehena izan zen Burdeos estiloan Errioxako ardoa ekoizten". Herrian maiorazko erregimenean zuen etxe bat saldu behar izan zuen upategia eraikitzeko, eta, maiorazkoko egoera horretan egonda, erregeari baimena eskatu behar izan zion etxea saltzeko.
Ikertzaileak gogora ekarri du garai horretan esportatzen ziren ardo asko galdu egiten zirela, aise ozpintzen zirelako. "Baina Burdeos metodoarekin, kalitate hobeko ardoak lortzen ziren, onik denbora luzeagoaz mantentzen zirenak". Besteak beste, metodo honek fruitua eta txortena bereizten ditu, eta gero ardoa iragazi egiten da —arrautzaren zuringoarekin, garai hartan—, kupeletan sartu eta urtean hainbat aldiz ardoa lekualdatuz, ezpurutasunak garbitu aldera.
"Ondorioz, ardo hori garestiagoa zen, noski: ardo arrunteko gurbil bakoitzeko hamar erreal ordaintzen ziren bitartean, metodo berriaz ekoitzitako ardoak gurbileko 24 errealean saltzen ziren", azaldu du Velillak.