Larunbatera arte zabalik dago arroz luzea jasotzeko ekimena

Juanma Gallego 2025eko irailaren 26a

Herriz herri arroz luzea biltzen ari dira, Zaporeak elkarteari emateko. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Lesbosen (Grezia) aterpe hartu duten errefuxiatuentzako ekimenean iaz 1.637 kilo jaso zituzten.

Arabako Errioxako Kuadrillarekin eta eskualdeko udalerriekin antolatutako ekimenean, Lesbosko errefuxiatuentzako otorduak prestatu ahal izateko Zaporeak elkartearen arroz bilketa larunbat goizera arte irekita egongo da.

Asteartean hasi ziren jasotzen eskualdeko udalerri guztietan arroza, baina irail honetako ekimenaren berri emateko Lezan ospatutako Mahats Bilketaren 30. jaian ere postua paratu zuten, informazioa eman eta arroza jasotzeko. 

Egunotan udaletako pertsonala arroz luzea jasotzeaz arduratu bada ere, larunbataren kasuan elkarteko boluntarioak egongo dira Arabako Errioxako herri guztietan, goizeko hamaiketatik ordu biak arte.

Zaporeak elkarteak urteak daramatza errefuxiatuei laguntza ematen, eta arroz luzea funtsezkoa zaie otordu beroak prestatzeko. Elkarteak oroitarazi du arroz kilo bakoitzeko zortzi otordu prestatzeko moduan egongo direla, eta, hortaz, elkartasun ekimen horrekin jarraitzeko deia egin diete herritarrei. Iazko iraileko kanpainan 1.637 kilo arroz eta 1.106,19 euro bildu zituzten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago