Margoa bota dute Mañuetako plaka frankistaren kontra

Juanma Gallego 2025eko irailaren 23a

Mañuetako udal eraikinean dagoen inskripzioaren kontra bota dute margo gorria. Argazkia: ALEA / JASOA

Ezezagunek margo gorria bota diote udal eraikin batean Caídos por Dios y por España dioen xaflari.

Mañuetako udal eraikin baten gainean Gerra Zibilean kolpisten alde borrokatu ziren zenbait lagun omentzeko jarrita dagoen plakaren kontra pintura gorria bota du ezezagun talde batek; horrez gain, eraikinaren aurrean Faxismoa borrokatu leloa idatzi dute.

Joan den martxoan Arabako Errioxako PSE-EEk salatu zuen Caídos por Dios y por España dioen idazkun horrek Memoria Demokratikoaren Legea urratzen duela, eta udalari horren berri eman zion. Modu berean, Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko Ordezkaritzari ere jakinarazi zioten frankismoa goratzen duen idazkia hor zegoela.

Herrian agintean den PPko alkateak behin baino gehiagotan uko egin dio idazkun hori kentzeari, eta "inori enbarazu egiten ez diola" ere esan du. Orain arte Espainiako Gobernuak hiru aldiz eskatu dio alkateari legea urratzen duen plaka kentzeko.

Udal eraikinaren aurrean 'Faxismoa borrokatu' esaldia idatzi dute. Argazkia: ALEA / JASOA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago