Bastidan zenbait etxetatik oso gertu sute bat piztu da gaur goizean, baina suhiltzaileek aise kontrolatu ahal izan dute, eta gertakariak ez du demaseko kalte materialik sortu. Sutearen amatatze lanetan laguntzera ere Ertzaintza eta udal langileak gerturatu dira, bai eta bizilagunak ere.
Udalak ezagutzera eman duenez, etxeetan kalteak saihestu dira auzokideek etxeetako lurzoruen inguruko perimetroak garbi mantendu dituztelako, "beren erantzukizuna" ez den arren. "Udara hasi aurretik udal bando bat argitaratu zen, eta bertan argi eta garbi adierazten zen udalerriko lursailak garbi eta egoera onean mantentzea derrigorrezkoa dela, batez ere etxeekin muga egiten duten lursailetan", gogora ekarri du.
Sutea piztu den lursailaren jabearen kontrako zigor prozedura abiatuko duela iragarri du udalak, "etxebizitzak eta pertsonak" arriskuan jarri izanagatik, eta ohartarazi du gertatu dena "askoz larriagoa" izan ahalko zela. Suaren kontra laguntzera bertaratutako auzokideen lana goraipatu du udalak; "batez ere gazteena".
Gaur momentuz ezarri ez badute ere, biharko tenperatura altuengatiko abisu horiari baso sute arriskua gehitu dio Euskalmetek, beroari haize indartsua gehitzen zaionean suteak zabaltzeko arriskua askoz handiagoa delako.