30 urteko sasoikako langile baten bila ari dira Mañueta inguruan. Ertzaintza eta Errioxako erreskate unitateak ibaiaren alde banak arakatzen ari dira.
Ertzaintzak ALEAri argitu dio hilaren 9an, asteartean, jaso zutela desagerpenaren salaketa, eta ordudanik bila jarraitzen dutela. Hasierako orduetan bereziki Ebro inguruan bilaketa lanetan aritu dira, baina momentuz ez dute emaitzarik izan, eta, beraz, "ikerketa lanetan" jarraitzen dute.
SOS-Deiak zerbitzuak eskatuta, Errioxako Erreskaterako Txakur Unitatea laguntza lanei batu zaie, sei txakur gidari eta zortzi txakurrekin. Talde horrek adierazi du gizonezkoak nazionalitate portugaldarra duela.
Herriko iturriek diote sasoikako langilea dela, mahats-bilketan lan egitera duela gutxi etorritakoa. Desagerpenaren inguruan herrikoen artean zabalduen dauden bi hipotesi nagusiak dira bere buruaz beste egin duela —hortik Ebro ibaian martxan den bilaketa— edo jaioterrira itzuli dela abisua eman gabe, lan baldintzekin ados ez zegoelako.