Oiongo osasun zentro berriak 3.600 biztanle artatuko ditu

Juanma Gallego 2025eko irailaren 2a

Foru kaleko 11. zenbakian kokatuta dago osasun azpiegitura berria. Argazkia: IREKIA

Hiru milioi euro inguruko inbertsioa egin dute orain ireki duten zentroan.

Oionek osasun zentro berria estreinatu du, udalerriko eta inguruetako 3.600 biztanleri zerbitzua eskaintzeko. Jaurlaritzak gaur iragarri duenez, hiru milioi euroko inbertsioa egin dute ekipamendu honetan, Arabako Errioxako udalerrian "lehen arreta indartzeko" eta arreta hori "irisgarriagoa" eta "modernoagoa" bihurtzeko.

Eraikin berria Foru kaleko 11. zenbakian dago da, eta 574 metro karratuko lurzati batean eraiki dute. Guztira, hiru solairu ditu eta 911 metro karratuko azalera erabilgarria eskaintzen du, aurreko zentroa baino 545 gehiago, Jaurlaritzaren arabera.

Zentroak honako zerbitzuak eskainiko ditu: Familia Medikuntzako eta Erizaintzako hiruna kontsulta, pediatria eta erizaintza pediatrikoko kontsultak, odontologo eta higienistarako bi kontsulta, emaginaren kontsulta, eta talde-jarduerarako gela. Horrez gain, badu erauzketak eta zauriak artatzeko erabilera anitzeko gela, prestakuntzarako espazioa, administrazio gunea, bilera gela, guardiako logelak, langileen atseden gela eta aldagelak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago