11 gradutik beherako ardoak egiteko aukera zabaldu dute

Juanma Gallego 2025eko irailaren 1a

Kontsumitzaileen eta merkatuen joerari egokitu nahi dute ekoizpena. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Errioxako Kontseilu Arautzaileak graduazio txikiagoekin esperimentatzeko bidea zabaldu du, baina momentuz ezingo dira saldu izendapenaren babespean.   

11 gradu alkoholiko naturaletik beherako ardo beltzak egiteko aukera zabaldu du Errioxako Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzaileak, "gaur egungo merkatuaren eskaerei eta kontsumitzaileen joera berriei erantzuteko", gaur Arabako Aldizkari Ofizialean zabaldutako xedapen baten arabera.

Zabaldutako aukera, momentuz, probak egiteko baino ez da izango. Izendapenaren helburua da ikustea halako ardoek "kalitate eta bereizgarritasun irizpideak" ote betetzen dituzten, etorkizunean "araudia egokitzeko aukera baloratuz".

Prozesu esperimentalak baldintza zorrotzak izango ditu, zabaldutako testuaren arabera. Proba horiek egiteko eskabide bat aurkeztu beharko zaie, proba nola egingo den zehazten duen dokumentua aurkeztuz, kontseiluaren zerbitzu teknikoek jarraipena egin diezaioten. Mahatsak aparte jaso, garraiatu eta landu beharko dira, beste ekoizpenekin nahastu gabe. Bestela, nahasketa gertatuz gero, "babes juridikoa" galtzea ekarriko duela ohartarazi dute. 

Modu berean, ezingo dira erabili alkohola gutxitzeko teknikak edota izendapenean araututa ez dauden bestelako metodoak. Modu berean, lortutako ardoak beti egon behar dira kontseiluaren zerbitzu teknikoen eskura, eta urtero txosten bat aurkeztu behar da emaitzen inguruan. Kontseilu Arautzaileak berak jakinarazi duenez, prozesu hau "ikerketa eta ebaluazio" helburuetarako izango da soilik. Emaitzak publiko egin daitezke, ekoizleen izenarekin batera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago