Erronka solidarioa abiatuko dute Oiongo bi korrikalarik

Erredakzioa 2025eko abuztuaren 7a

Gaitza ezagutarazi eta dirua bildu nahi dute bi korrikalariek. Argazkia: CORRIENDO POR UNA CAUSA

Neuroendekapenezko gaitz arraro baten inguruko kontzientzia piztu eta ikerketarako dirua biltzeko 170 kilometro egingo dituzte. 

Ataxia telangiektasia neuroendekapenezko gaitz arraroa ezagutarazteko 170 kilometroko ibilbidea egingo dute azaroan Oiongo bi korrikalarik. Izan eta Jon Ander izeneko kirolariek "gaixotasunaren inguruko kontzientzia sortzea eta ikerketarako zein kaltetutako familientzako laguntza biltzea" izango dute helburu, Corriendo Por una Causa ekimenak ohar batean ezagutzera eman duenez. 

Erronka azaroaren 14tik 15era egingo da, eta Ardoaren eta Arrainaren Bidean 170 kilometro horiek egingo dituzte jarraian, EAEko eta Errioxako "paisaia ikusgarrietan barrena". Zabaldutako maparen arabera, Logroño eta Gasteiz arteko bidea egingo dute.

24 orduko gehienezko epean, eta atseden luzeak egin gabe, korrikalariak txandaka arituko dira, AEFAT elkartearekin elkarlanean, gaixotasunaren aurkako ikerketa finantzatzen eta kaltetutako familiei laguntza eskaintzen diharduen erakundearekin. "Gaixotasun honen garrantziaz ohartarazi nahi dugu, eta ikerketarako zein familientzako laguntza bildu nahi dugu", adierazi dute.

Ataxia Telangiektasia gaixotasun genetiko eta progresiboa da, nerbio sistema kaltetzen duena eta koordinazio, oreka eta mugimendu arazo larriak eragiten dituena. Gaixotasun honek pairatzen dutenek minbizia eta arnas arazoak izateko arrisku handiagoa dute.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago