Mahastizainen artean "atsekabea nagusi" dela onartu arren, sektorearen "profesionaltasunarekin" eta "erakundeen babesarekin" aurrera egin ahal izango dutela esan du Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak. Izan ere, azken egunetan botatako euriak eta txingorrak eragin "oso handia" izan du Arabako Errioxako hainbat mahastitan.
Arazoa da, gainera, mildiua erabat zabalduta dagoela mahastietan, eta erori diren ur kantitateek atomizatzaileekin sartzea eragotziko dutela.
Arabako Foru Aldundia kalteen ebaluazio zehatza egiten ari da, udalekin eta gehien kaltetutako sektoreekin lankidetzan. "Orain gure lehentasuna premiarik larrienei erantzutea eta nekazaritza eta ardogintza sektoreari laguntzea da", azpimarratu du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak larunbat goizean Villabuenan egindako bisitan.
Arabako Errioxan 45 eta 70 litro artean neurtu dira herri askotan. Inguruko nekazariek emandako informazioaren arabera, Samaniegon metro koadroko 60 litro baino gehiago bota ditu, Villabuenan 56, Eltziegon 50, Mañuetan 50, eta Paganosen 40.
Ostiralean izan ziren Araban eurite handiak. 81,6 l/m2 jaso zituzten Goiainen, eta 67,9 l/m2 Langraiz Okan. Tanta hotzak kalte handiak eragin zituen Arabako Errioxako eta Añana Kuadrillako hainbat landa bideetan eta azpiegituratan. Gainera, uholdeak izan dira etxebizitza, upategi, garaje eta enpresa askotan.