Eltziegon Gerra Zibilean izandako erailketak ikertu ditu Javier Gomez Calvo historialariak (Gasteiz, 1982) El paseo de la perra gorda, Guerra Civil y violencia política a orillas del Ebro (Tecnos) liburuan.
Zer gertatu zen 1936an Eltziegon?
1930eko hamarkadan Eltziego politikoki oso udalerri konplexua zen. Guardian karlistak nagusi ziren, eta errepublikazaleen gutxiengo bat zegoen, zarata handirik ateratzen ez zuena. Baina Eltziegon, eskuman, katoliko independenteak, karlistak eta, 1931tik, EAJ indartsu bat zegoen —eskualde osoan parekorik ez zuena—. Ezkerrari dagokionez, CNT, Alderdi Sozialista eta errepublikanoak. Eta, bi aldeetatik, 1936an egoera gehiago konplikatu zen, estatu kolpea baino hilabete batzuk lehenago Falangea eta Alderdi Komunista agertu zirelako. Horiek guztiak 1.500 biztanleko herri txiki batean.
Azkenean hainbat hilketa egon ziren. Nola iritsi zen horretara?
Inguruko beste herrietan ez bezala, 1931tik 1936ko udaberrira doazen urteak ez ziren izan bereziki gatazkatsuak. 1933ko altxamendu anarkistak, adibidez, Bastidan oihartzun handia izan zuen, baina Eltziegon anarkistak telefono baten kableak mozten saiatzera mugatu ziren. Beste horrenbeste gertatu zen beste aldean: ez zen egon, Guardian bezala, aurkariak jipoitzen zituen liskargileen banda karlistarik. Konplexutasun politiko handia zegoen arren, ez zen auzokideen arteko indarkeriarik egon.
Ondoren, baina, gorrotoa askatu zen...
Bai. Estatu kolpea gertatu zenean, hilabete batera indarkeria lazgarria zabaldu zen. Hamar hildako egon ziren, bi sakatan. Lehena abuztuaren 28an izan zen, eta bestea urriaren 15etik 16rako gauean. Lau hildako batean, eta sei bestean. Borreroak Gasteiztik etorri ziren, baina antolaketa Eltziegon bertan egin zuten.
Zergatik indarkeria hori, aurrekaririk egon gabe?
Badago egoera pizten duen gertakari bat. Abuztuaren 25ean, lehen saka baino hiru egun lehenago, jakin zen Donostian zegoen Alejandro Palacios polizia eltziegarrak bat egin zuela estatu kolpearekin. Anarkista talde batek Palacios atxilotu eta hil zuen, bere gorpua parke batean ikusgai utziaz. Palaciosen anaia Eltziegoko milizietako kidea zen. Gobernadore Zibila iritsi zen goizean, eta arratsean saka izan zen. Bi biktima anarkista ziren, eta hirugarrena, alderdi sozialistako zinegotzi bat, Donostian hildako poliziaren anaia-lehengusua zen hau. Harreman argia dago. Gainera, astebete geroago Pedro Oses anarkistak alde egin zuen, eta aurkitu eta gutxira hil zuten ere. Herrian ordezkaritza izan zuen hamabost urteetan CNTk ez zuen liskarrik izan herrian, baina, ikusten duzunez, Donostiako anarkistek egindako hilketa horren ostean, mendekua etorri zitzaien Eltziegokoei.
Zerk abiatu zuen bigarren hilketa sorta?
1936ko urria oso beroa izan zen Araban, krimen asko gertatu zirelako. Gasteizen eta zenbait herritan ezkertiarren sakak egin zituzten, gobernu zibilaren baimenarekin. Askatasun baimen faltsuen aitzakiaz baliatzen ziren jendea ateratzeko. Eltziegoko bigarren saka horretan bi sozialista, hiru anarkista eta errepublikazale bat eraman zituzten. Biktima gehiago izan ahal ziren, egun horretan hamabi lagun deitu zituztelako udaletxera, baina gainerako seiak kartzelara eraman zituzten. Bereizketa horren arrazoiak borreroek baino ez zituzten ezagutzen, hil ez zituztenetako batzuk politikoki besteak bezain lerrokatuta zeudelako, edo are gehiago.
Zein izan zen amarrua?
Adrian Uribe garaiko Eltziegoko Alderdi Sozialistaren buruaren alaba Angelita Uribe elkarrizketatzeko aukera izan dut. Berak ikusi zuen nola aitaren etxean zen adiskide baten bila joan ziren auzokide batzuk, eta mahatsa biltzeko lana eskaini zioten. Karlistek eraman zuten, eta udaletxean jende gehiagorekin egin zuen topo. Sei lagun horietako bost —anarkistak eta sozialistak— garaiko logika kriminalen barruan zeuden. Seigarren biktima, errepublikazalea, logika horretatik kanpo zegoen. Pablo Cañas errepublikazale moderatua zen, katolikoa, eta ez zen asko gailendu politikoki. Baliteke orduan kasu horretan politikatik haragoko zioak egotea. Bada, kamionetetan sartu zituzten. Horietako sei Zanbranara eraman zituzten, eta bertan hil zituzten.
"Borreroak Gasteiztik etorri ziren arren, saka Eltziegon bertan antolatu zuten"
Liburua aurkeztu duzu Eltziegon, eta omenaldia egin zaie hildakoei. Zauriren bat ireki du?
Kontrara: zorionez, zauriak ixteko balio izan du. Eltziegon jende guztiak zekien liburuan kontatzen dena. 50 urte baino gehiago dutenek ezagutzen zituzten izenak eta datak, baina beldurra zioten norbait molestatzeari. Bada, baltsamikoa izan da haientzat. Modu honetan, aitortza egin ahal zaie biktimei. Beste inon ikusi ez dudana ikusi dut Eltziegon: jende askok hildako beren aitonen izen berdina du. Bada, guztiek esan didate horren arrazoia izan dela hildako horien memoria gordetzea. Ehun bat pertsona hurbildu ziren liburuaren aurkezpenera, nik orain arte beste inon ikusi ez dudana. Omenaldia oso zibikoa izan zen. Indarkeria horretako parte aktibo izan zirenen senitartekoak ere egon ziren: argi dago haiek ez dutela zerikusirik beren aitonek egin zutenagatik. Borrero izandakoen iloba batzuk ere egon dira hilerrian, era arrosak utzi dituzte. Bada, agerikoa da zauriak ixteko modurik egokiena gertatutakoa kontatzea dela.
Nondik datorkio liburuari izenburua?
Adineko jendeak zioen elizara doazen bi bideetako bat hartu ohi zutela diru gehiago zutenek, eta bestea diru gutxiago zutenek. Txantxaz, hasi zen esaten bide bat zela paseo de la peseta, eta besteek paseo de la perra gorda hartzen zutela. Jornalari asko bizi ziren herrian, horietako batzuk Riscal Markesarentzat lanean zirela. Azalean borreroak agertzen dira, hain zuzen, eta kontrazalean, berriz, biktimak.
Bitxia egiten da EAJn egondako jendea Falangean ikustea...
EAJren presidente izandakoa Falangeko buruzagi bihurtu zen hau sortu zenean, eta hein handi batean Euzko Gaztediko jendeaz osatu zen. Horregatik prologoan aldarrikatzen dut iraganaren eskemen arabera egin behar direla irakurketak. EAJtik jendea sartzea, eta, kasu batzuetan ere, erreketean sartzea, oso adierazgarria da. Une horretan estatutuaz gain, eta nork bere aberriarekiko leialtasunez gain, ez zegoen alde handirik beren unibertso mentaletan. Une horretan Eltziegoko eskumako jende asko EAJrekin joan zen, baina EAJk eta karlistek nork bere bidea hartu zutenean, nazionalista ez zen eskualde batean, oso zaila egiten zitzaien ulertzea karlisten edo katoliko independenteen arerio izan behar zirela. Jende horrek ez zuen karlismo zaharkituan aterperik aurkitu, eta Falangean elementu erakargarria ikusi zuten. Nik argi nuen hau kontatu behar zela, baina gaiaren bueltan egin ahal zen sentsazionalismoaz beldur nintzen. Zorionez, momentuz, ez da horrela interpretatu.
Zanbranan eta Bastidan ikusi zaitugu, ikertzen. Zer duzu buruan?
Datorren urtetik aurrera Bastidari buruzko liburu askoz konplexuagoa lantzen ari naiz. Guardiako zein Eltziegoko liburuen kasuan, saiatu naiz 200 orri baino gehiago ez argitaratzen. Bastidak mila bat biztanle baino ez zituen garai horretan, baina bertan 20 bizilagun hil zituzten. Ohiko iturri dokumentalez gain, ezkutatu behar izan zen CNTko buruzagi baten memoria argitaratu gabeak ditut, baita eraildako bizilagun batek familiari idatzitako gutunak ere. Dokumentazio andana lantzen ari naiz. Aurrekoak bezala, dibulgazio lana izango da, zorroztasunari uko egin gabe jende guztiak uler dezan.