Arabako Errioxako eta Vianako euskaltzaleak Oionen bilduko dira ostiral eta igandean, Ttiki-ttaka elkarteak urtean behin antolatzen duen Euskal Kultur Asteburuaren barruan. Aurten, gainera, Euskaraldiaren amaierarekin lotu dute ospakizuna, elkarteak berak ohar batean ezagutzera eman duenez.
Ostiralean Bastida, Lapuebla de Labarca, Oion eta Vianako ikastoletako zein Guardia, Lantziego eta Oiongo eskoletako ikasleek parte hartuko dute jardueretan. Orotara, Lehen Hezkuntzako 725 ikasle izango dira.
"Euskaraldian 16 urtetik gorako ahobizi eta belarriprestak protagonista izan bagara ere, asteburu horretan umeek eta euskaraz ez dakiten euskaltzaleek ere izango dute tokia", aurreratu du elkarteak.
10:30ean elkartu eta kalejira egingo dute buruhandi eta erraldoiekin. Herriko plazan, pregoiaren ostean, EKA egunerako sortutako 'Txirrin' kanta abestuko dute, eta zunba saioa ere izango dute. Hainbat tailer egin ostean, bazkariaren ondoren, musika eta jolasak izango dituzte, Dj Kaktus eta Dj Katañarekin.
Igandean, berriz, 11:00etan hasiko dituzte ospakizunak, Arabako Errioxako eskolarteko bertso topaketarekin. Ondoren, herri lasterketa, bazkaria eta bertso saioa egingo dute.