2,5 milioi euro inbertitu ditu Eusko Jaurlaritzak Lezako ospitalean

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 21a

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua Lezan izan da. Argazkia: IREKIA

Lezak 63 ohe ditu, batez ere gaixo kronikoentzat, iktusa edo politraumatismoak izan dituztenentzat, eta egonaldi luzea behar dutenentzat

Osakidetzako egonaldi ertain eta luzeko Lezako ospitalean eraberritze lanak egin dituzte kanpoko espazioetan eta fatxadetan. Horretaz gain, arreta berezia jarri dute isolamendua eta ekoizpen termikoa hobetzen, ahalik eta zentro efizienteena lortzeko helburuarekin. Eusko Jaurlaritzak 2,5 milioi euroko inbertsioa egin du obra horiek aurrera eramateko, eta aste honetan bertan Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua Lezan izan da, Arabako Errioxako ESIko profesionalen eskutik zentroan egindako hobekuntzak ezagutzeko. Martinezekin batera, Susana Lopez Altuna Osakidetzako zuzendari nagusia eta Xabier Ibarzabal Ekonomiako eta Finantzako zuzendaria izan dira.

Osasun sailburuak pazienteen, familien eta profesionalen bizi kalitatea hobetzeko egindako inbertsioa azpimarratu du, "ospitale horren modernizazioa eta eraginkortasuna bultzatzen duten jarduketekin".

Gaur egun, ospitaleak 63 ohe ditu guztira, eta gehien bat gaixotasun kronikoak dituzten pazienteek, edo istripu baten ondorioz iktusa edo politraumatismoa izan dutenek, erabiltzen dituzte. Ospitalizazio egonaldiaren batez besteko iraupena 58 egunekoa da; "hortaz, funtsezkoa da ahalik eta egonaldi atseginena izateko baldintza optimoak lortzea, bai eraikinaren barruan, bai kanpoan", aipatu du sailburuak.

11.500 pertsona

Lezako Ospitalea Arabako Errioxako ESIaren parte da. Erakunde horrek eskualde horretan bizi diren 11.500 pertsona ingururi ematen die zerbitzua, baina erreferentziazko ospitalea da lurralde osorako. Ospitalizazio zerbitzuaz gain, zentroak kanpo kontsultak ere biltzen ditu: Errehabilitazioa, Traumatologia, Dermatologia, Obstetrizia eta Psikiatria.

Ospitaleaz gain, Arabako Errioxako ESIko Lehen Mailako Arretako sareak hiru osasun zentro (Bastida, Guardia eta Oion) eta 15 kontsultategi ditu. Duela gutxi, egungo eraikina ordezkatuko duen Oiongo osasun zentro berria eraikitzen amaitu dute eta Osakidetzak 2,8 milioi euroko inbertsioa egin du horretarako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago