OION

Babestutako 24 etxebizitza eraikiko ditu Jaurlaritzak

Erredakzioa 2025ko api. 29a, 15:59

Udalerrian duten "etxebizitza eskuragarrirako premia egiaztatuari" erantzungo dio hitzarmenak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Oiongo Udalak lurzorua doan lagako du, gaur sinatutako hitzarmen batean jaso dutenez.

Eusko Jaurlaritzak eta Oiongo Udalak Arabako Errioxako herrian babestutako 24 etxebizitza eraikitzeko hitzarmena sinatu dute gaur. Horren ondorioz, Jaurlaritzak etxebizitza horiek eraikiko ditu, udalak lagatako RC-A lurzatian. Zehazki, Jaurlaritzaren esku egongo da zuzendaritza fakultatiboa kontratatzea, obrak idaztea eta horiek gauzatzea. Udalak hobari fiskalak bultzatuko ditu eta proiektu teknikoaren idazketa kontratatuko du.

Indarrean den araudiaren arabera esleituko dituzte etxebizitzak, eta lehentasuna emango diete udalerrian erroldatutako pertsonei. Genero indarkeriaren biktima diren emakumeei eta mugikortasun murriztua duten pertsonei sarbidea bermatuko dietela aurreratu dute, erroldatze baldintza beteko ez balute ere.

Bi erakundeek zabaldutako adierazpen baten arabera, ekimena "etxebizitza parke publikoa handitzeko hartutako konpromisoaren" parte da, eta herrian behar duten "etxebizitza eskuragarrirako premia egiaztatuari" erantzungo dio.

Etxebizitza sailburu Denis Itxasok esan du udalak lurzorua doan lagatzeko hartu duen "konpromisoak" aukera ematen duela "baliabide publikoak optimizatzeko eta etxebizitza eskaerari erantzuna bizkortzeko". Haren arabera, "horrelako lankidetza leialik gabe, ezinezkoa litzateke" etxebizitza babestuen parkea handitzea. Oiongo alkate Jose Manuel Villanuevaren arabera, udalak "etxebizitza babestua martxan jartzeko aukera guztiak" aztertu ditu, herritarrek udalerrian "bizi eta lan egin ahal izan dezaten" eta "etxebizitza duina izateko oinarrizko eskubidea" bermatuta izan dezaten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago