Edorta Lamo izango da Villabuena Wine Festeko pregoilaria

Erredakzioa 2025eko apirilaren 22a

Edorta Lamo, 2023ko Michelin Gidaren aurkezpen ekitaldian. / Argazkia: MICHELIN GIDA

Ardoa dastatzeko saioak eta musika ez dira faltako jaialdiaren laugarren edizioan.

Villabuena Wine Fest jaialdiaren laugarren edizioak Edorta Lamo sukaldaria izango du pregoilari. Ardoa dastatzeko saioak eta musika ez dira faltako maiatzaren 3an ospatuko den jaian.

Ardoak inguru honetan duen garrantziaz jabe, 18 upategi eta herriko hainbat tabernak indarrak batu dituzte, beste urte batez, Villabuena Wine Fest jaialdia ospatzeko. "Mahastizain, upategi eta enpresa askok lagundu dute bisitariei bertako paisaiaz, bizimoduaz, filosofiaz eta grinaz goza dezaten egun horretan", azaldu dute antolatzaileek.

Jaialdia 11:00etan hasiko da Gernikako Arbola plazan, Edorta Lamo sukaldariak emango duen pregoiarekin. Arrea jatetxeko sukaldari ezagunak hartuko du jaiari hasiera emateko lekukoa aurten. "Zero kilometroaren enbaxadore izango da beste behin, ingurune honetarako horren garrantzitsua den ardoaren kulturaren defentsan lagunduz", azpimarratu dute antolatzaileek.

Lamok ongi etorria ematearekin batera, Villabuenako dantza taldeak lagundurik, saltokiak eta ardoa dastatzeko mahaiak irekiko dituzte, eta ardogile bakoitzak bere ardorik berezienak aurkezteko aukera izango du. Haurrentzako tailerrak ere izango dira, 12:00etatik 15:00etara, eta musikarik ez da faltako, 16:00etatik aurrera, Buen Castigo taldearen eskutik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago