Bigarren mailako biktimak

Juanma Gallego 2025ko mar. 10a, 06:00

Gaiaren inguruko hitzaldia eman du Elvillarren Javier Gomez Calvo EHUko historialariak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Espainiako Gerra Zibilean emakumeek jokatu zuten rolaren inguruan mintzatu da hitzaldi batean Javier Gomez Calvo. Hildako gehienak gizonezkoak izanda ere, emakumeek beste jazarpen ugari nozitu zituzten.

Espainiako Gerra Zibilean Arabako Errioxako emakumeen egoeraz mintzatu da Javier Gomez Calvo historialaria, joan den astean Elvillarren emandako hitzaldi batean. Gerraren beraren bilakaeraz baino, gerraren ondorioez hitz egin du adituak, gogora ekarri baitu Arabako Errioxan Gerra Zibilaren garaian ez zela arma bidezko borrokarik izan, eskualdea berez gerraren erretagoardia izan zelako. Arabako Errioxa une honetan karlisten gotorlekua zen, baina Lapuebla de Labarcan, Samaniegon edo Eltziegon ezkerra ere oso indartsua zela gogora ekarri du. Baina estatu kolpearen aldekoak nagusi ziren. Esaterako, Gorrebuston edo Moredan ia-ia gizonezko guztiak gerra frontera atera ziren boluntario, frankisten alde —lehen herriaren kasuan, zortzi boluntario frankista omentzen duen plaka kentzeko eskaria egin berri dute—.

Testuinguru orokorra gogora ekarri du. Adibidez, Espainia mailan emakumeen sufragioaren gainean Victoria Kent eta Clara Campoamor abokatu eta politikarien arteko ezbaia sutsua egon zen. Kentek zioen emakumeek bozkatuz gero, eskumako alderdiak aterako zirela garaile, Eliza katolikoaren eragina haiengan handiagoa zelakoan. Azkenean, Campoamorren tesia gailendu zen. Bitxia bada ere, Espainiako Kongresuan eskumako alderdietako hainbat diputatuk ere alde bozkatu zuten —jarrera taktiko batengatik, ez konbikzioagatik, Gomez Calvoren arabera—, eta horri esker lortu ahal izan zen emakumeentzako boto eskubidea. Izan ere, nahiz eta Alderdi Sozialistak eta Esquerra Republicanak alde bozkatu zuten, ezkerreko hainbat alderdi txikik kontrako botoa eman zuten. "Oraingo ikuspegiarekin, oso zaila egiten zaigu 1931n egon zen egoera hori ulertzea", onartu du historialariak.

Mota askotako biktimak

Biktimen inguruan hitz egiterakoan fokua irekitzearen garrantzia azpimarratu du Gomez Calvok, hildako gehien gehienak gizonezkoak izan ziren arren. Araban frankistek 200 pertsona hil zituzten, eta horietatik hiru baino ez ziren emakumezkoak. "Baina soilik hildakoak aintzat hartuko bagenitu, jazarpen gogorra jasan zuten emakumeen kasu asko kanpoan utziko genituzke". Emakumeek, ordea, beste mota bateko errepresioa eta jazarpena jasaten zituzten garai horretan.

Jazarpena nozitu zuten emakumeak ahazteko arriskuaz mintzatu da aditua

Hau ez da, ordea, gurean izandako berezitasun bat, joera orokor bat baizik. "XX. mendean indarkeria politikoak markatutako gatazka guztietan hau gertatu zen". Salbuespenak izan ziren indarkeria etnikoa izan duten gatazketan —Alemania naziak egindako judutarren sarraskia, edo Ruandako gerra aipatu ditu adituak—.

Horren adibide da Araban izandako lehen biktimetako baten inguruan gertatutakoa. Guardian Domingo Caballero guardia zibil errepublikanoaren exekutatu zutenean, Fernanda Villanueva alargun geratu zen. Haren lagun bat, Marina izenekoa, beste hiru emakumerekin, udaletxe plazara joan zen, Caballeroren heriotzaren inguruko azalpen eske. Erreketeek emakumeak atxilotu zituzten, eta ilea moztu zieten. Umiliazio hauek soilik emakumeei egiten zieten —errizino olioa ematearekin batera—, eta antzeko beste asko egon ziren gerrak iraun zuen bitartean.

Satorren babesleak

Bastidan denbora luzean ezkutaturik egon ziren satorren kasuan ere, anarkisten emazteak eta emakumezko senideek rol garrantzitsua jokatu zuten hauek babesteko. Fernanda Quintana eta Maria Perezen kasua izan zen. Modu berean, herrian Nicolas Ortego erail zutenean, zenbait karlista Avelina Barrio emaztearen eta haren ahizpa Mariaren bila joan ziren, Ortegori babesa eta laguntza eman izanagatik; kaletik arrastaka eraman eta jostorratzez zirikatu zituzten emakumeak. Guardia Zibilaren esku hartzeak ekidin zuen une horretan bertan lintxatuak izatea. Bestetik, emakume askok diktaduran zehar jazarpena nozitu behar izan zuten, gorriak izateagatik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago