Lezako errepidean oinezkoen pasabide seguru bat egokitzea eskatu dute

Erredakzioa 2025ko mar. 6a, 10:25

Lezako ospitalea, Arabako Errioxan. / GOOGLE MAPS

Oionek, Bastidak, Guardiak eta Lantziegok egin dute eskaera, eta beste hainbat udalerritan eztabaidatzeke dute.

Lezako ospitaleko errepidea "modu seguruan" gurutzatu ahal izateko pasabide seguru bat egokitu dezatela eskatu dute Oion, Bastida, Lantziego eta Guardiak. EH Bilduren ekimenez izan dute eztabaida herriotan, eta beste lau udalerritan eztabaidatzeke dute: Samaniego, Villabuena, Moreda eta Lapuebla de Labarcan, hain zuzen.

Onartutako mozioaren arabera, Lezako ospitalera iparraldeko markesinatik, Gasteizerako norabideko markesinatik, oinez sartzea eta alderantziz igarotzea "oso arriskutsua da oinezkoentzat", eta bide-segurtasunari buruzko araudi guztiak urratzen ditu. "Izan ere, iparraldeko markesinatik ospitalera sartu edota alderantziz igaro nahi duten pertsonek lasterka igaro behar dute, ez baitago oinezkoentzako pasabiderik, ezta ibilgailuak gelditzera behartzeko metodorik ere, semafororik edo antzekorik".

EH Bilduk azaldutakoaren arabera, abiadura moteltzeko neurri bakarra radar bat da, baina orduko 80 kilometroko abiadurari gehiegizkoa irizten diote oinezkoen segurtasuna bermatzeko, abiadura horretan gertatutako harrapaketa batek "oso ondorio larriak" izan ditzakeelakoan. "Egoera hori are larriagoa da gauez; izan ere, argiztapen elementu osagarriak dauden arren, bistakoa da istripu bat izateko aukerak areagotu egiten direla argi naturala murrizten den heinean".

Mozioan eskatu diote Arabako Aldundiari eta, bereziki, Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailari 2025eko ekitaldian oinezkoentzako pasabide seguru bat egokitu dezala iparraldeko markesinatik Lezako ospitalera sartzeko eta alderantziz igarotzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago