Arabako upategi bat ikertzen ari dira 'Epígrafe' operazioaren bueltan

Erredakzioa 2025eko otsailaren 6a

Atzemandako botilak. Argazkia: G.Z.

Asian, Errioxako jatorri deiturako ardo faltsuak saltzen zituen nazioarteko sare bat desegin du Guardia Zibilak. Zazpi pertsona daude ikerketapean.

Guardia Zibilak, Europol, Interpol eta Vietnamgo poliziarekin koordinatuta, legez kontrako merkataritzan ziharduen sare bat desegin du, Vietnamen eta Txinan Errioxako Jatorri Deituraren etiketa faltsuekin ardoa saltzeagatik. Epígrafe deitu dioten polizia operazio horren bueltan, zazpi pertsona ikertzen ari dira, Valentzian eta Araban. Gainera, ikerketan atzeman dute Arabako Errioxako upategi batek Arabako Errioxako ardoa Txinara esportatu duela, Errioxako jatorri deituraren Kontseilu Arautzailearen baimenik gabe.

Polizia operazioa Vietnamen oporretan zegoen turista batek egindako salaketagatik abiatu zen. 2023ko martxoan, gourmet denda batean Errioxa jatorri deituraren etiketa zuen ardo botila bat ikusi zuen turista espainiarrak, Errioxan kokatutako upategi baten botilen antzeko diseinuarekin. Benetakoa ez zela susmatuta, erosi zuen, eta Espainian aztertu zuten, eta egiaztatu zuten ardoa, kapsula, kortxoa, ontzia eta etiketa ez zirela Errioxakoak.

Botilaren elementuen azterketari esker, ardoa Asiara esportatzen zuten Valentziako hiru enpresa identifikatu ahal izan zituzten. Guardia Zibilaren iturrien arabera, hiru enpresa horiek legez kanpoko sare bat sortu zuten hainbat autonomia erkidegotatik ekarritako milaka litro ardo bag in box (kutxa baten barruan txorrota duten poltsak) esportatzeko, baimenik gabeko formatuan. Behin Vietnamen, edukia poltsatik atera, botilaratu, etiketatu eta banatzen zen, Errioxakoa balitz bezala.

Arabatik, 24.000 kiloko paleta

Ikerketa horren harira, Errioxako ardo gisa etiketatutako beste botila bat ere aurkitu zuten Txinan, eta, aztertu ondoren, egiaztatu zuten Errioxako ardoa zela, baina aurrez aurreko etiketak ez zituela betetzen kontseilu arautzaileak ezarritako estandarrak.

Botila horrek atzeko kontraetiketa original bat zeraman erantsita, Arabako Errioxako upategi bati esleitua. Upategi hori, ustez, sare kriminalarekin harremanetan jarri zen Errioxako ardo botilekin zenbait palet Txinara esportatzeko, Errioxako Kontseilu Arautzailearen baimenik gabe. Polizi iturriek ziurtatu dutenez, Arabako upategiak, gutxienez, 24.000 kiloko palet bat bidali zuen.

Polizia iturriek azaldu dutenez, oraindik hainbat dokumentu aztertzeko daude legez kanpo merkaturatutako ardo kopurua argitzeko, eta ikertuek lortutako onura ekonomikoa kuantifikatu ahal izateko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago