Arabako Errioxako ardoak erakusleihoa izango du Mexiko Hirian

Erredakzioa 2025eko otsailaren 5a

50 herrialde baino gehiagoko ardoak topa daitezke tabernan. Argazkia: Wine Bar by CMB

"Wine bar" famatu batean "showroom" bat izango dute ardoek, Munduko Ardo Lehiaketaren aretoan.

Arabako Foru Aldundiak Mexikora egindako bidaiaren harira, akordio berri bat iragarri dute Arabako Errioxako ardoaren mesedetan. Aldundiak hitzarmena egin du Bruselako Munduko Lehiaketak Mexiko Hirian duen taberna-aretoarekin, bertan erakutsi ahal izateko lurraldeko ardoak. Mexikon saltzen diren Arabako Errioxako ardo guztiak egongo dira bertan ikusgai.

Wine Bar by Concours Mondial de Bruxelles deitzen da espazioa, eta asko baloratzen da ardo munduan, duen eskaintza zabalagatik. Bruselako Munduko Lehiaketan saritutako marka ugari aurkitu daitezke bertan, beste askoren artean, eta 50 herrialde baino gehiagotako ardoak eskaintzen dituzte. Bestalde, ardo dastaketak eta hezkuntza eta sustapen ekitaldiak ere egiten dituzte, formazioak eta bestelakoak.

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak lortutako akordioa goraipatu du, eta adierazi du garrantzitsua izango dela nazioartean bertako ardoa sustatzeko. Arabako Errioxa 2025eko Eskualde Gonbidatua izango da Mexiko Hiriko wine bar-ean. Aldunditik jakinarazi dute Mexikoko merkatua dela hemengo ardoentzako hazkunde potentzial handiena duena, eta harrera ona egin zietela Mexikon profesionalen zein kontsumitzaileen aldetik. Akordio honek epe luzera eragin estrategiko handia izango duela defendatu du Gonzalezek.

Azaldu dutenez, akordioak aukera ematen du sei hilean behin ardo berriak bidaltzeko Mexiko Hirira, eta upategi gehiago sartu ahal izango direla hango merkatuan, banaketan inbertsio handirik egin gabe hasieran. "Aukera handia da gure ekoizleak, batez ere upeltegi txikiak, Latinoamerikako merkatuan sartzeko eta haien sare komertziala hedatzeko", nabarmendu du ahaldun nagusiak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago