Herriko "jarduera ekonomikoa sustatzeko" eta "lokal hutsak okupatzen" laguntzeko diru laguntza lerro bat iragarri du Oiongo Udalak. Hala, irekitzen diren negozio berriei gehienez 300 euro emango dizkiete hilean, beti ere, gehienez urteko hamabi hilekoen erdia ordainduta, eta gutxienez urtebete irekita mantendu beharko dira. Modu berean, gutxienez urtebeteko errentamendu kontratua izan beharko dute negozioek, bai eta bide publikotik sarbide zuzena ere. Alokairu baten beharra ez duten negozioentzat, berriz, 2.500 euroko laguntza eskainiko dute, irekieraren lehen urtean.
Urte honetan eskatu ahal izango dira laguntza horiek, eta, bateragarriak izango dira beste hainbat laguntzarekin. Negozio gehienek eskatu ahal izango badituzte ere, hainbat mota kanpoan geratuko dira: vending, merkataritza gune handiak, banku eta kutxak, apustu etxeak, edo tabakoaren edo erregaien salmentarekin lotutako jarduerak.
Orotara, udalak 10.000 euroko partida gorde du horretarako, baina iragarri dute kopurua igotzeko aukera egongo dela, behar izanez gero.