Juan Larreta Larrea maisua, Antonio Bombin Hortelano fraide frantziskotarra eta oraindik identifikatu gabe dagoen hirugarren pertsona bat 1936ko uztailaren 25ean frankistek exekutatu zituzten lekua duintzeko ekitaldia egin dute igande honetan Guardian, bertan oroigarri bat jarrita.
Larretak zein Bombinek "ideia sozialistekin bat egin eta aktiboki defendatu zituztela" gogora ekarri du Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak. "Egungo euskal gizartearen oinarri diren ideiak defendatzeagatik" hil zituztela erantsi du.
Euskal Herriko zein Errioxako lagun ugari bildu dira ekitaldian. Ordezkari instituzionalen artean, San Josez gain, Alberto Alonso Gogora institutuko zuzendaria eta Raul Garcia Guardiako alkatea egon dira. Besteak beste, Juan Larretaren biloba Asun Larretak, La Barranca Errioxako memoria historikoaren elkarteko kide Carlos Muintionek eta Bombin ezagutu zuen Miguel Martinez de Osabak hartu dute hitza.