Euskal Herriko talde feministek azken urteotan martxan jarri dituzten Jabetze Feministarako Eskolen filosofiatik abiatuta, aurten Euskaldunentzako Jabetze Eskola bat abiatuko dute IAK Izaskun Arrue Kulturgunean. UEU Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean antolatu duten ekimena egiteko ideia aspaldikoa dela azaldu du eskolako koordinatzaile Manex Agirrek. "Oihaneder Euskararen Etxea oraindik irekita zegoela, Iñaki Lazkanok proposatutako ideia bat izan zen". Hortaz, eta soberan ezagunak izan diren atzerapenak atzerapen, IAKren lehen programazioekin batera ideia hori gauzatzeko aukera izan dute orain.
"Iñakik oso ondo azaltzen du zein zen hasierako ideia: euskaraz bizi garenok askotan ariketa bat egin behar dugu jabetzeko zer egiten ari garen. Euskaraz bizitzea testuinguru gehienetan ez da munduko gauzarik errazena, eta eroso bizi izateko, jantzita egon behar gara; formazioa jaso behar dugu", azaldu du Agirrek.
Metodologia sinplea
Jarraituko duten metodologiari dagokionez, "nahiko sinplea" dela nabarmendu du koordinatzaileak. "Ez du konplikazio handirik. Agian egitaraua ikusten duenak pentsa lezake edozein hitzaldi zikloren antza duela, Euskalgintzaren hainbat esparru ukitzen dituen jendea ekarriko dugulako".
Agirrerekin batera, Garikoitz Goikoetxea arituko da irakasle, eta hilean behin saio bat egingo dute, hileko azken asteazkenean, gai bakoitzean aditu diren gonbidatuekin. Askotariko erpinetatik ekingo diote hausnarketari: euskararen etorkizuna, berrikuntza, transgresioa, hizkuntza murriztuen aniztasuna, euskararen biziberritzea eraldaketa sozialeko prozesu gisa edota proiektu euskaltzaleen izaera, besteak beste. Dena dela, hitzaldi formatua saio bakoitzaren erdia baino ez dela izango azpimarratu du Agirrek. "Eskolara etortzen direnak lanean jarriko ditugu. Izan ere, entzuten dutena garatu dezaten nahi dugu. Hau da, norberak bizi duen lekutik, hizlariek kontatu duten hori haiek nola bizi duten azaltzea. Ea bideragarri ikusten duten, zaila, erraza… edo proposamen berriak egiteko eskatuko diegu ere". Laburbilduz, metodologia "elkar eraginean oinarritu" nahi dutela dio koordinatzaileak.
Gazteen interesekoa
Publikoari dagokionez, euskararen erabilerarekin kezka duen oro dute buruan antolatzaileek. "Oro har Euskalgintzaren bueltan ari direnak". Orain arte jasotako matrikulazioa ikusita, Agirrek nabarmendu du jende gazte asko animatu dela parte hartzera. Eskolan parte hartzeko bi modu egongo direla gogora ekarri du: aukera dago ziklo osoan apuntatzeko, baina baita eskola saio bakoitzean izena emateko ere, modu puntualean.