Aurtengo Arabako Errioxako oliba kanpainan mila tona inguru oliba prozesatuko dituztela kalkulatu du Jaurlaritzak. Zehazki, Euskolabel zigilua duten 150.000 eta 200.000 kilo oliba inguru zanpatuko dute Lantziegoko Erroiz dolarean; Moredan, 180.000 eta 220.000 kilo artean prozesatuko dituzte, eta Oionen 500.000 eta 800.000 kilo artean, Jaurlaritzak gaur ohar batean ezagutzera eman duenez.
Bereziki Arroniz barietateko olibak jasotzen ari dira egunotan. "Arroniz barietatearen ezaugarri nabarmena bere zapore bizia da, ezin hobea da gordinik eta produktu gastronomikorik onenekin batera kontsumitzeko", adierazi du Amaia Barredo Nekazaritza sailburuak Lantziegoko eta Moredako olio dolareetara egindako bisitaldi batean. Sailburuarekin batera egon dira Lantziegoko Erroiz dolareko Mikel Izagirre, APRORA Arabako Errioxako Olibondoa eta Olioa Sustatzeko Elkarteko gerente Jorge Martinez eta Mara Garcia Moredako alkatea. Izagirrek azaldu duenez, Arabako Errioxan ekoitzitako oiloak "ahoan orekatuak dira, usan bizikoak, eta ezaugarri organoleptiko bikainak dituzte". Besteak beste, nabarmendu du polifenoletan aberatsak direla, eta "mingainean eta ahosabaian pikante ukitu atsegina" dutela.
Bestetik, Izagirrek nabarmendu nahi izan du "Arabako landa produktuen dibertsifikazioaren osagarri gisa" olioaren sektoreak duen "balioa". Are, olibondoak eta oliba olio birjina estra landuz, "Euskal Herriko olibondoaren eta olioaren milaka urteko kultura" zabaltzea lortzen dela adierazi du. Norabide berean, Barredok esan du sektoreak aukera ematen duela "mahastizaintzako ustiategien osagarri" izateko.