ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkartearen zerbitzu juridikoek kasazio-errekurtsoa jarriko dute Auzitegi Gorenean, Arabako Mahastiak sor-marka erabili ahal izateko. 2022an Eusko Jaurlaritzak baimena eman zuen Araban sor-marka propioa sortzeko, baina iaz bertan behera utzi zuen erabaki hura EAEko Auzitegi Nagusiak, Errioxako kontseilu arautzailearen eskariari erantzunez.
ABRAk "sinestezintzat" jo zuen epaia, eta babesgabe uzten zituela salatu zuten. Eusko Jaurlaritzak ere arbuiatu zuen auzitegiaren erabakia, "diskriminatzailea" zela argudiatuta. Biek adierazi dute ohikoa dela lurralde berean izendapen ezberdinak egotea, bai Europan eta baita Espainiako Estatuan ere.
ABRAk dioenez, auzitegia "baieztapen oker" batean oinarritu zen ebazpena emateko, Errioxa Jatorri Izendapena eta lurraldea bera nahastu zituelako. Gainera, prozedura judizialean eta emandako epaian akatsak egon direla argudiatuta, helegitea jartzea erabaki du ABRAk.
Erdibideko konponbidea
Helegitea ebatzi bitartean, hala ere, Arabako ardogileen produktuak bereizteko estrategia bilatu du ABRAk. A letrarekin egindako logotipo batek bereiziko ditu Arabako upategiak gainerakoetatik, Ardoa, Araba eta Añada hitzei erreferentzia eginez, besteak beste.
Botilen pegatinek logotipo hori eramango dute datorren uztatik aurrera, eta hala, sor-marka propioa izango ez badute ere, Arabako ardoa bilatu nahi dutenek errazago izango dute aukeraketa.