Hilaren 26tik aurrera Lantziegon organikoen etxez etxeko bilketari ekingo dio Arabako Errioxako Kuadrillak. Ohar batean, kuadrillak ohartarazi du kudeaketa eredu berria "nahitaezkoa" izango dela, eta "ez borondatezkoa". Herrian 2017an hasi ziren hondakin organikoak kudeatzen, "auzo konpostaje bidez, eta borondatez". Halere, hori "nahikoa ez dela" dio erakundeak, Europako Batasunak ezarritako birziklapen helburuetara iristen ez delako. Hortaz, janari hondarrak etxez etxe biltzeari ekingo diote hemendik aurrera.
Horretarako, kuadrillak birziklatzeko kit bat banatuko du etxe bakoitzeko, honako osagarriekin: etxebizitza bakoitza identifikatzeko txipa duen ontzi bat —10 eta 20 litrokoa—, eta konpostaje gunea irekitzeko eta errefusaren edukiontzia irekitzeko beharrezkoak izango diren txartela (Lantziegon) edo giltza (Binasperin). Kit horiek udaletxean jaso beharko dira, hilaren 19tik 22ra.
Organikoaren etxez etxeko bilketa astearte eta ostiraletan egingo dute. Goizeko hamaikak baino lehen atera beharko dira ontziak etxeko atarira, eta hamarrak baino lehen Binasperiren kasuan. Asteko beste egun batean atera nahi izatekotan, Lantziegoko El Coso kalean edo Binasperiko baskulan dauden konpostaje guneetara eraman ahalko dira, horretara txartela edo giltza beharrezkoak izango direlarik.
Argitu dute sarrailak jarriko dituztela errefusaren edukiontzietan, eta horiek astean bitan baino ezingo direla erabili. Horretarako behar bereziak dituzten herritarrek —kasurako, pixoihalak edo bustitzaileak erabiltzen dituzten pertsonak kargura dituztenek— baimen berezi bat eskatu beharko dute kuadrillan, maiztasun hori handitu aldera.