ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkartearen barruan dauden upategien ardoak bereizten dituen A marka daraman lehen etiketa onartu du Errioxako Jatorrizko Izendapenaren Kontseilu Arautzaileak.
Zehazki, Alutiz upategiko ardo bat izango da etiketan bertan logoa eramango duen lehena, ABRA elkarteko presidente Itxaso Compañonek azaldu duenez. "Momentuz, elkarteko kideok pegatinak jartzen ari gara botiletan, eta ardoetako etiketan txertatzea zerbait progresiboa izango da, etiketa berriak sortzen diren heinean", adierazi du Compañonek.
Eskualdean Arabako Ardoa kanpaina zabaltzeko egiten ari diren ibilbidean eman dute onarpenaren berri. Beren-beregi atondutako bagoi batean ezagutarazten ari dira ekimena. "Ahalegintzen ari gara kontsumitzaileak jakin dezala zeintzuk diren gure ardoak eta gure egitekoak. Jakin dezala zer ari den edaten, tabernetan A hori daraman ardoa eskatu ahal dezan, horrek bereizgarritasun bat ematen diolako".
Compañon pozik agertu da kanpainan jasotako harrerarekin. Orain arte Bastidan, Guardian eta Lapuebla de Labarcan egon dira bagoia daraman kamioarekin, eta datorren asteburuan joatekoak dira Lantziegora eta Samaniegora. "Horrez gain, profesionalei begirako beste bi ekitaldi egingo ditugu: hilaren 11n Bilbon egongo gara, eta, 25an, Donostian", aurreratu du. Aurrerago ere Arabako eta Gipuzkoako beste zenbait herritara joateko asmoa dute ABRAko kideek.
Mahats bilketa kanpaina "zail" baten ostean ari dira marka berria ezagutarazten. "Kanpaina motza izan da, eta eskualde osoan batera bildu behar izan dugu. Mahatsa biltzeko langileak lortzea oso zaila izan da, eta eguraldiak ez du batere lagundu", gogora ekarri du Compañonek. "Halere, gutxi jaso dugun arren, oso pozik gaude hartu dugun mahatsaren kalitatearekin".