Ardoaren sektorea bultzatzeko 5,6 milioi euroko aparteko beste diru laguntza bat onartu du Eusko Jaurlaritzak atzoko gobernu bileran. Laguntza berria Arabako Batzar Nagusietan eskualdearen egoeraren gaineko eztabaida egin behar den egunaren bezperan iragarri dute.
Jaurlaritzaren arabera, "Ukrainako gerraren ondoriozko enpresa etekinen murrizketa" dela eta emango dute laguntza hau. Modu berean, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuak kanpaina honetarako ezarri duen tinta-mahatsaren errendimenduaren %10eko murrizketa "konpentsatzea" du helburu. Azken erabaki hau dela eta, EAEn merkatutik 5,2 milioi litro Errioxa ardo aterako direla kalkulatu du Jaurlaritzak.
Eskatzaile bakoitzeko laguntza gehienez 280.000 eurokoa izango dela azaldu du Jaurlaritzak. Modu berean, Lakuak dio "ustiategi txikienak lehenetsiko" direla. Amaia Barredo Nekazaritza sailburuaren hitzetan, "Euskadiko mahastizaintza eta ardogintza sektorearen egoera une honetan zaila da". Ukrainako gerrari ez ezik, "Israelen eta Palestinaren arteko gatazkari" ere egin dio erreferentzia sailburuak sektorearen egoeraren berri ematean, eta ziurtatu du Ekialde Hurbilean dagoen egoerak "erregaien, energiaren, lehengaien eta bestelako horniduren garestitzea" ekarri duela. Are, AEBetako "politika protekzionistei", eta Brexitaren ondorioei ere erreparatu dizkie azaltzeko "Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako ardoaren salmentek" izan duten "bilakaera negatiboa"