Oiongo bizilagunek ordaintzen dituzten tasak eta prezio publikoak, batez beste, %2 igoko dira. Oiongo Udalak joan den astean onartu zituen 2025erako ordenantza fiskalak osoko bilkuran, aldeko bost boto eta sei abstentziorekin.
Ondasun Higiezinen Zerga Arabako Foru Aldundiak ezartzen duen gutxienekoaren azpitik egon da orain arte, eta higiezinaren katastro-balioaren %0,3ko minimoa pixkanaka lortzeko helburuarekin, koefizientea %0,02 eguneratuko da 2025. urtean. Era berean, udalerriko familia gehiagok izango dute hobariak jasotzeko aukera zerga horretan. Hala, etxebizitza sozialek, aprobetxamendu termikorako edo elektrikorako sistemak instalatu dituztenek edo alokairuko programa publikoetan sartuta daudenek hobariak izango dituzte
Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren kasuan, zerga tasak %1,2koa izaten jarraituko du milioi bat eurotik gora fakturatzen duten enpresetan. Jarduera hasten duten enpresek, aldiz, lehen bost urteetan %50eko beherapena izango dute EJZren ordainagirian, aurreko urtean bezala. Beste horrenbeste izango dute instalazioetatik energia berriztagarriak edo kogenerazio-sistemak aprobetxatzeko energia erabiltzen edo ekoizten duten enpresek.
Bestalde, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren (EIOZ) kasuan, tasa aurreko urtean bezalaxe mantenduko da, %4 eraikuntza berrien kasuan eta %3 erreformen kasuan. Horrez gain, %95eko hobaria izango dute administrazio publikoek sustatutako alokairu sozialeko sustapenek, edo sorkuntza berriztagarriko sistemek edo irisgarritasun obrek.