Norman Foster arkitekto britainiarrak diseinatutako Legado Bodegas Faustino eraikin berriaren inaugurazioa egin dute atzo Oionen, eta bertan hainbat ordezkari instituzional egon dira. Besteak beste, Imanol Pradales lehendakaria, Amaia Barredo Nekazaritza sailburua, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia eta Jose Manuel Villanueva Oiongo alkatea.
Pradalesek eskerrak eman dizkio Martinez Zabala familiari, eraikina Oionen kokatu izanagatik, "Oionekin eta Arabako Errioxarekin" duten "konpromisoaren" erakusle delakoan.
Lehendakariak lau elementu azpimarratu ditu, proiektuaren parte direla esanez: "familia, mahastiak, berrikuntza eta jasangarritasuna". Inaugurazio diskurtsoan, upategiaren ibilbidea goraipatu du. "Familiatik sortu zen Bodegas Faustino, mahastiez biziko zen negozio bati hauspoa emateko. Berrikuntzak gidatu ditu bere pausuak 160 urteko historia emankorrean. Eta, orain, jasangarritasuna izan duzue ardatz azkeneko proiektu honetan", adierazi du.
Ohi bezala, agintari instituzionalak abaguneaz baliatu dira sektorearentzat martxan diren diru laguntzak azpimarratzeko, eta Gasteizen zein Guardian egoitzak izango dituen Ardoaren Campusak sektorearen "posizionamendua" indartuko duela esateko.