Arabako Errioxa biziberritzeko eta ardogintzaren sektorearen krisiari aurre egiteko plan estrategiko bat eskatu dio EH Bilduk diputazioari. Eva Lopez de Arroiabe batzarkide taldeko bozeramaileak adierazi duenez, "eskualdean bizi den egoera kritikoak hobera egin baino, okerrera egin du urteek aurrera egin ahala"; eta datuak eman ditu: "azken 10 urteetan 96 upategi desagertu dira, guztien %27, eta 206 mahastizain, %7. Horrek erakusten du eskualdeko krisia egiturazkoa dela".
Lopez de Arroiabek gaineratu duenez, mahatsaren prezioak "oso doituak dira, ekoizpen gastuak handitu egin dira eta kostuak estaltzea ez da beti bermatzen, hektareak pilatzen jarraitzen duten upeltegi handiekin egindako kontratuen ondorioz, mahatsa ekoizten dutenen merkatua eta bizitza baldintzatuz". Hartara, EH Bilduk uste du ardogintza sektorearen egungo ereduak "porrot egin duela".
Gainera, egoera horren aurrean instituzioek "egiturazko konponbiderik" ez dutela eskaini azpimarratu du EH Bilduk, "unean uneko laguntzez aparte"; eta Lopez de Arroiabek esan du foru gobernuak ez duela "eskualdean bizi eta ardoa ekoizten dutenen aldeko apusturik egiten".
Hartara, EH Bilduk interpelazio bat aurkeztu du hurrengo kontrolerako osoko bilkurarako, ahaldun nagusiari azalpenak eskatzeko hartuko dituen neurriei buruz.