ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkartean bilduta dauden upategi txikiek Arabako Errioxan egindako ardoak bereizteko "marka kolektibo" propio bat erabiliko duela iragarri dute.
Atzo Guardian egindako adierazpen batean, "azken hamarkadetako krisi handienari" buruzko kezka azaldu du elkarteak. Besteak beste, upategien itxieraz eta belaunaldi berrien erreleboaren faltaz ohartarazi dute. Mahatsaren prezioak behera ari diren bitartean, ekoizpen kostuak handitu direla ohartarazi dute. Egoera ikusita, gero eta gehiago dira eskualdean mahastiak saldu dituztenak. Azken bost urteetan 96 upategik ateak itxi dituztela ekarri dute gogora. Ordaindutako prezioei dagokienez, zenbakiek argi hitz egiten dute: 2017an mahats kiloa 1,19 euroan ordaintzen zen bitartean, 2022ko kanpainan 0,71 euroan baino ez zen ordaindu.
Egoerari aurre egin nahian, ABRAk adierazi du "ardoen identitatea eta kalitatea zaindu" nahi dituela, sektoreak "bizirik iraun ez ezik, aurrera ere egingo duela bermatzeko". Hori dela eta, iragarri dute hilaren 25etik aurrera "marka kolektibo" berri bat abiatuko dutela, Arabako ardoen "berezitasunak eta kalitatea" are gehiago ezagutarazi nahian. Upategi guztien artean momentuz adostasuna lortu ez duen Arabako Mahastiak sor markaren bidea alde batera utzi gabe ekingo diote estrategia berriari. Modu berean, "neurri estrategikoen" beharra azpimarratu dute, eta instituzioen inplikazioa eskatu dute.