Afganistango emakumeen isiltasunak Araban izango du oihartzuna

Erredakzioa 2024ko abu. 27a, 10:18

Emakume talde bat Afganistango errepide batean. Argazkia: Open Democracy

Bastidako emakume elkarteek elkartasun ekintzak egingo dituzte Afganistango emakumeen eskubide urraketak salatzeko. Talibanek emakumeen ahotsa ofizialki debekatu dute espazio publikoan, beste hainbat neurriren artean.

Peña Toloño emakume elkarteak eta Bastidako Neskak kirol klubak elkartasun eta salaketa kanpaina jarri dute abian, Afganistango emakumeek jasaten duten egoerari aurre egiteko. Izan ere, Talibanen gobernuak azken urteetan emakumeen aurka hartutako zenbait neurri lege bilakatu ditu, "Bertutea Hedatzeko eta Bizioa Prebenitzeko Legea" izenekoan.

Arabako Errioxako emakume taldeek "emakumeen aurkako eraso berria" gaitzetsi dute, eta salatu dute emakumeak bizitza publikotik ezabatzeko asmoa dutela Talibanek. Izan ere, legez debekatu dute Afganistanen emakumeen ahotsa publikoki erakustea, izan kantuan, errezitatzen edo mikrofono aurrean hitz egiten. Gainera, emakumeek aurpegiak eta gorputzak guztiz estalita eraman behar dituztela agindu dute, "tentazioa eragitea saihesteko".

Bastidako emakumeek, "ankerkeria horien aurrean ahotsa altxatzeko betebeharra eta erantzukizuna" sentituz, neurri zehatzak eskatu dizkiete udalei, gobernuei zein nazioarteko erakundeei. "Talibanen erregimenak errepresio basati hori geldi dezan" presio diplomatikoa eta irmotasuna eskatu dute.

"Durundi egiten duen isiltasuna" kanpaina

Giza eskubideen urraketa hauek ikusarazteko kanpaina abiatu dute Peña Toloño eta Bastidako Neskak elkarteetako emakumeek, Un Silencio Que Resuena lelopean, eta "mundua zeharkatzen duen isiltasun bolada" sortzeko asmoa azaldu dute.

Bi ekintza proposatu dituzte. Batetik, pertsona guztiek nork bere argazki edo bideo labur bat igotzea sare sozialetara, ahoa estalita eta #UnSilencioQueResuena traolarekin. Bestetik, emakumezkoen isiltasun uholdea proposatu dute abuztuaren 30erako, 12:00etatik 12:10etara. Tarte horretan emakume guztiak espazio publikoan isilik egon daitezela proposatu dute. Ekintza ikusgarriagoa izan dadin, lanuzteak antolatzeko aukera ere plazaratu dute, edota "lanean, metroan, kalean, zauden edozein espazio publikotan" isilik egotera deitu dituzte emakumeak.

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Bastidako Neskak (@bastidakoneskak)

"Bertutea Hedatzeko eta Bizioa Prebenitzeko Legea"

Bastidako emakumeek salatu dute Talibanek "islamiar xaria legearen ustezko betetzearekin mozorrotzen" dutela emakumeen zapalkuntza sistema. Talibanek joan den ostegunean onartu zuten ofizialki legea, eta Nazio Batuen Erakundeak ere gaitzetsi du, emakumeen aurkako erasoa dela ohartarazita. Lege islamikoaren interpretazio gogorrena ezartzen ari dira Talibanak, NBEn ustez.

Neurri ugari bildu ditu Bertutea Hedatzeko eta Bizioa Prebenitzeko Legeak, horietako asko jadanik ezarrita zeudenak. Murrizketa handiak inposatzen ditu jokabide pertsonalari dagokionez, eta botere handia esleitzen dio "moralaren poliziari". Esan bezala, emakumezkoen ahotsa haien etxetik kanpo entzutea akats moral gisa hartuko da aurrerantzean, "umiltasunaren aurkako erasotzat". Bestalde, emakumezkoak guztiz estalita joateaz gain, gizonezkoen janzkera ere arautzen du, eta bizarra haztera behartu, beste neurri batzuen artean.

Legeak gidariei debekatzen die emakumeak garraiatzea, ez badute gizonezko tutore legal baten laguntza. Emakumezkoak gainera, debekatua dute goi mailako ikasketak egitea Afganistanen, Talibanak azken aldiz indarrean jarri zirenean hartu zuten lehen neurrietako bat izan zen hura.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago