Ardoaren Etxeak mahastiak Arabako Errioxan eta Aiarako Kuadrillan duen egoerari buruzko azken txostena argitaratu du aste honetan. Mahastizaintza eta Enologia Zerbitzuaren aurreikuspenen arabera, azken asteetako baldintzak ikusirik, Arabako Errioxan, mahats bilketa irailaren erdialdean hasiko da, azken urteetan baino zertxobait beranduago. Bestalde, kanpaina honetan mahats gutxiago izatea espero da, mahats mordo gutxiago dagoelako.
Kalkulu horiek aurretik dauden 40 egun hauetako meteorologiaren araberakoak izango dira, beti bezala; baina uda honetako eguraldiaren joera berdinarekin jarraituz gero, mahatsa heltzeko zikloa modu optimoan osatuko dela aurreikusi du Ardoaren Etxeak: irailaren 15 inguruan mahats zuriaren kasuan eta 10 egun geroago beltzaren kasuan.
Betalde, uzta enologikoki oso interesgarria izango dela aurreikusi dute teknikariek, mahats mordo gutxiago dagoelako. "Kanpaina honetan mahats gutxiago izatea espero da, mahats mordo gutxiago dagoelako; gainera, mordoak txikiagoak dira eta aleak aireztatuago daude. Horri esker, handiagoa izango da pats-mami erlazioa, eta horrek alean garrantzitsuak diren parametroak zehaztuko ditu".
Landare osasunari dagokionez, mahastiaren osasun egoera ezin hobea dela azpimarratu dute.
Arabako txakolina
Arabako Txakolina jatorri deituraren eskualdean, berriz, mahats mordoak, oro har, kolore aldaketaren hasieran daudela adierazi du Ardoaren Etxeak. "Abuztuko egun hauek lehorrak izan dira eta unean unean tenperatura altuak izan dira. Baldintza horiek lagungarriak izan dira endemikoa den gorrina kontrolatzeko. Hala ere, oraindik bi tratamendu egin behar dira, gutxienez, mahats bilketara osasun egoera onean iristea bermatzeko·.
Aiaraldean ere, iazko kanpainarekin alderatuta, zazpi egun inguruko atzerapena dagoela ikusten da (iazko kanpaina aurreratu egin zen), eta aurreko denboraldietan ohikoagoa izan den garaiarekin bat dator. Ekoizpen espektatibak onak dira, eta iazkoa baino handiagoa izango dela aurreikusten da.