Labraza: pote txikian, edertasuna

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute/PHOT.OK 2024ko abu. 21a, 08:00

Izaera bereziko lurraldea da Labraza Arabako Errioxan. Erdi Aroko hiribildu harresidun txikiaren isolamenduak mediterraneotasuna salbatzen lagundu dio, eta horren lekuko dira paisaiak.

Labrazako Dueñas izenekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko alepo pinuaren (Pinus halepensis) populazio natural bakarra, eta Iberiar Penintsulan ipar-mendebaldeen dagoena. Arabako Errioxako eta Bizkaiko gainerako alepo pinu guztiak landatutakoak dira. 

Adin guztietako aleak aurki daitezke baso horretan, baina bere habitata ere hondatu egin da, mahastiekin aldatu egin baita eta egurra egiteko ere erabili baitute bizilagunek. Horren ondorioz, eta ale kopuruak behera egiten ari zirela ikusirik, baso erreserba gisa katalogatu zuen Arabako Foru Aldundiak, 2011n, basoaren biziraupena bermatzeko. Gainera, alepoko pinua espeziea Arriskuan dauden Espezieen EAEko Zerrendan jasota dago, "kaltebera" gisa.

Berrogeita hamar hektareako eremua hartzen du pinudiak, Paridera del Monte izeneko mendiaren magaletan. Bertara iristeko ibilbidea ez dago seinaleztatua, baina zailtasunik ez du. Labraza herritik bertatik basoa ikusten da, eta bertara igotzen den asfaltatutako bidea ere agerian dugu. Pista asfaltatu horretan agertzen zaigun lehen bidegurutzean ezkerraldera joko dugu, eta hogei bat metrora, bihurgune erdian, oso handiak ez diren harlauzak ditugu. Leku horretan autoa utzi eta lurrezko pista bat hartuko dugu, eskuinerantz eta beherantz, bidegurutze batera heldu arte; eskuinera joango gara Valdevaron errekara heldu arte. Menditik gora abiatuko gara orduan, harrizko bide batetik, Paridera del Monte mendira. Inguruan ditugu alepo pinuak, izpilikuak, erromeroak eta ezkaiak. 

Mendiaren gailurretik ipar-ekialdean, Llanasko mendilerroan, Nafarroako Azuelo herriko parke eolikoa ikus dezakegu; mendebaldean, berriz, Labrazako Erdi Aroko hirigunea eta hego-mendebaldean Oion, Moreda Araba eta Viana herriak, eta Logroño (Espainia). Ikuspegi ederra.

Mendiko elurzuloa

Pinudiari bisita egin eta gero, ibilaldia luzatu daiteke edo Labrazara jaitsi. Txangoa luzatu nahi izanez gero, aipatutako Llanasko mendilerroan dagoen elurzulora abiatu gaitezke. Neurri ikusgarriak ditu harrizko egiturak: 7,40 metroko diametroa eta bederatzi metroko hormak; eta biltegi itxurakoa da. Eginiko ikerketaren arabera, 1654. eta 1663. urteen artean eraiki zuten mendian, Labrazan bertan zegoen bigarren elurzulo bat hornitzeko. 2013an zaharberritu egin zuten eta harrizko hormak berreskuratu zituzten.

Interesgarria da XIV. mendeko Mairuaren Iturrira hurbiltzea;b arrualdean aurpegi gotiko batekin apaindutako tutua du.

Mendiko bitxikirietaz aparte, Labrazan bertan badago zer ikusi. Izan ere EAEko herri gotorturik txikiena da, eta munduan ondoen kontserbatzen direnetako bat. Hala ziurtatzen du 2008an jaso zuen Harresidun Hirien Nazioarteko Zirkuituaren munduko sariak. Tamaina txikikoa izanik ere, ondare aberatsa gordetzen du: lau dorre, alkazar bat, almenak, pasadizoak eta tunel sekretuak, gezileihoak, ingurabideak….

Gune harresituan hegoaldeko atetik sartuta, San Miguelen eliza dago; eliza horren harresi gotikoak defentsarako barrutiaren zati dira. Hesia ere bereganatu egin dituzte etxebizitzak egiteko eta barneko atzeko horma bihurtu dute. Interesgarria da, baita ere, XIV. mendeko Mairuaren Iturrira hurbiltzea. Barrualdean aurpegi gotiko batekin apaindutako tutua du, eta hortik datorkio izena. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago