2021ean egin zen lehenengoz Herri bat, biodibertsitatearen aldeko ekintza bat kanpaina, eta ordutik urtero kuadrilla batean egin dira ingurumenarekin lotutako ekimenak. 2.000 pertsona inguruk hartu dute parte orain arte, 47 herritan egin diren 60 hobekuntzatan. Gorbeialdean, Lautadan eta Mendialdean egin ondoren, Arabako Errioxaren txanda da aurten. Moredan eraikiko den "saguzarren hotela" izango da aurtengo ekimen nabarmenena, baina beste hainbat ere egingo dira beste bost herritan.
Vital Fundazioak, Arabako Foru Aldundiak eta Murgiako LHIIk bultzatuta, irailean U formako hormigoizko barrunbe bat eraikiko da Moredan, ferra-saguzar txikiaren babesleku izan dadin. 4,8 metroko altuera eta 4,4 metro zabal izango dituen egiturak saguzarrei ahalbidetuko die erraz zintzilikatu eta habiak egitea. Lehen aldia da Araban halako hotel bat eskaintzen zaiena saguzarrei.
Ferra-saguzar txikia interes bereziko kategorian babestutako ugaztuna da espezie mehatxatuen EAEko katalogoan. Jakinarazi dutenez, atzerakada handia jasaten ari da espezie honen populazioa, gizakion eraginez. Mahatsondoen nekazaritzarako onuragarriak dira saguzar hauek, sitsen aurkako borrokan laguntzen baitute, eta pestizida gutxiago erabiltzea ahalbidetzen du haien jardunak.
Arabako Errioxan ekintza ugari
Saguzarren hotelaz gain, doako beste hainbat ekintza egingo dira Arabar Errioxako sei herritan. Hitzaldiak, haurrentzako tailerrak eta bisita gidatuak izango dira Lapuebla de Labarca, Oion, Moreda, Guardia, Bastida eta Kripan inguruetan. Ekintza guztiek bertako fauna eta flora ezagutu eta errespetatzeko helburua izango dute, eta lagunduko dute ulertzen zein diren egungo erronka nagusiak.