BARGOTAKO AZTIA

Bargotakoak zabaldu zuen mundu magikoa

Juanma Gallego 2024ko abu. 15a, 06:00

Urtean behin, uztailean, Sorgintzaren Astea egiten dute Bargotan, baina herria urte osoan zehar girotuta dago. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Duela bost mende bizi izan omen zen Johanes Bargotakoari buruzko oroimena ia-ia gaurdaino mantendu da zenbait lagunen artean. Jatorrizko Bargotan ez ezik, inguruko herrietan ere belaunaldiz belaunaldi kontatu izan dira XVI. mendeko "superheroiaren" abentura miresgarriak.

Mendeen joan-etorrian badira galdu diren une asko, baina, beste batzuk, ordea, mirariz mantendu dira. Modu desitxuratu batean, hori bai. Bargotako aztiaren kasua da. Nafarroako herri txiki horretako pertsonaiaren gaineko kontakizunak bizirik egon dira inguruetan, batez ere, ahozko tradizioari esker. Herria Arabatik hain gertu egonda, Arabako Errioxan eta Mendialdean pertsonaiari buruzko abenturek irudimena elikatu izan dute duela gutxiraino.

Johanes Bargotakoari buruz ari gara. Haren figura ikertu duten adituek uste dute abiapuntu historikoa izan dezakeen pertsonaia dela; denboraren poderioz, ordea, pertsonaia mitikoa bilakatu da. Haren gaineko kontakizunak guztiz sinestezinak dira, baina herri xehearen memorian tokitxoa izan dute. Baita zenbait agiritan ere.

Felix Cariñanos etnografoak txikitan lehen eskutik entzun zituen aztiaren inguruan bereziki emakumeek kontatzen zituzten istorio miresgarriak. Haren jatorrizko Vianan entzun zituen aurrenekoz, baina Arabako Errioxako eta Mendialdeko toki askotan ere jaso zituen gero antzeko kontakizunak. "Labraza, Guardia, Moreda, Santikurutze Kanpezu, Pipaon, Antoñana... leku horietan guztietan jaso ditut aztiari buruzko antzeko testigantzak", ekarri du gogora.Etnografoak uste du inguruko herrietan bereziki mandazainen bitartez hedatu zirela istorio horiek, jakina baita merkataritza honen bidezko kontaktu asko egon direla mendeetan zehar, Ebro haranean bertan zein mendilerroaren bi aldeen artean ere. 

"PERTSONAIA EXISTITU ZELA USTE DUT, AGIRI HISTORIKOETAN AIPATUTA AGERTZEN DELAKO". FELIX CARIÑANOS 

Ez du zalantzarik pertsonaiaren existentzia historikoaz. "Nik uste dut pertsonaia benetan existitu zela, agiri historikoetan aipatuta agertzen delako", babestu du Cariñanosek. Besteak beste, Antonio Gebarakoa gotzainak aipatzen du Cartas familiares liburuan.

Gebarakoaren gutuna 1523an datatuta dagoenez, Cariñanosek kalkulatzen du 1500. urtearen inguruan bizi izan zela bargotarra, eta ez, batzuek proposatu duten moduan, XVII. mendearen hasieran. Izan ere, zenbaitetan mende bat geroago kokatu izan dute, 1610. urtean Logroñon egin zen autofede ezagunean epaitu zutela esanez. "Baina agirietan ez da inon haren izenik agertzen", ohartarazi du Cariñanosek. Gertutik ezagutzen duen beste pasarte historiko bati erreferentzia eginez, etnografo eta irakasle erretiratuak espekulazioaren sehaska gozoan kulunkatu nahi izan du: "Agian Johanes Bargotakoa Cesar Borgiaren hiletan egon zen, 1507an", iradoki du, haren begiei ilusioa antzematen zaiela. 

Herrian, harro

Bargotan bertan biziki gogoan dute aztia. Esan daiteke ia-ia harrotasunez aldarrikatzen dutela haren oroimena. Herriko plazan bertan aztiaren estatua handi bat dago, bere katu eta guzti. Ezetz asmatu zer izen duen plaza horrek? Horixe. Herriko elizpea umeek gaiaren bueltan egindako marrazkiez josita dago, eta zenbait etxetan sorgintzari buruzko apaindura eta erreferentziak dituzte. Urtean zehar xarma berezi hori mantentzeaz gain, uztaileko bigarren asteburuan herria are aztiagoa bilakatzen da, herrikoen eta kanpotik etorritakoen bisitarien gozamenerako Sorgintzaren Astea egiten dutelako.

Bargotan aztiari buruzko erreferentziak leku askotan agertzen dira. Elizpean bertan herriko umeek gaiaren bueltan egindako lanak ikusgai daude. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Tradizioak aztiaren etxea izan zen etxe zehatz bat izan zela dio, baina, bestelako erreferentziarik gabe, ez da erraza, ez, hori topatzea. Igande eguerdi batean ez da jende larregirik ikusten herrian, harik eta gizonezko bat eta neskatila bat plazatik azaltzen diren arte. "Aztiaren etxea non dagoen? Ba harantz goaz orain, hain justu. Gure etxea da!", erantzun du gizonezkoak. Serendipia hutsa ala aztiaren araoren bat. Auskalo.

"HERRIETAN BETI DAGO PERTSONA XELEBREREN BAT, BALDARKERIATAN IBILTZEN DENA". IÑAKI USTARROZ 

Bargotara duela gutxi etorritakoak dira Diego Garrido, Inma Martinez eta sei urteko Ariadna, herri txiki batean bizitzeko ametsari helduta. Aztiaren etxean bizi dira, eta, hain etxe berezian egonda, sorgintzari eskainitako astean parte hartze oso aktiboa izaten dute. "Cariñanosekin hitz egin duzu? Ezagutzen dut, noski. Harekin batera urtero egiten dugu Cesar Borgiaren hilketaren antzezpena eta... tira, nik Cesar Borgiaren papera egiten dut", azaldu du Garridok. Bapo, zirkulua itxita. 

Herriko olgetaria

Ez dira aztia ikertu duten bakarrak. Hein handi batean ahozko tradizioetan eta agiri historiko gutxi batzuetan dauden erreferentzien bilduma egin du Iñaki Ustarroz ikertzaile eta idazleak El brujo de Bargota liburuan. Bitxia bada, gaia enkarguz iritsi zitzaion. "Editore den adiskide batek pertsonaiari buruzko entsegu txiki bat idaztea proposatu zidan", ekarri du gogora. Hasiera batean ez zuen uste informazio asko jasoko zuenik, "mito eta kondaira hauek askotan ez direlako jasotzen". Azkenean, erreferentzia andana bildu zituen.

"Liburua idatzi ahal izateko, iturriak bilatzeari ekin nion: benetako iturriak, suposatutako iturriak eta iturri faltsuak. Izan ere, aurretik existitu ez diren gauzen inguruan ere idazten duten pertsonak badaudela badakigu", argudiatu du. "Kondaira gehienen kasuan bezala, jatorrian benetako abiapuntu bat egongo da seguruenera, eta, gero, denborarekin, puztu egiten da". 

Ustarrozek Bargotako herritarren izaerarekin lotzen du aztiari egozten zaion nortasuna. "Seiehun bat urtez liskar bat egon zen Bargota eta Viana artean", azaldu du. "Nafarroako erregeak gotorleku bat sortu nahi zuen Vianan, baina Bargotako jendea, oso ausarta zenez gero, aurka jarri zen, euren independentzia kosta ahala kosta mantendu nahi zutelako. Eta, azkenean, lortu zuten".

Kontatzen diren istorio eta anekdota askok egunerokotasunean zeuden liskarrak azaleratzen dituztelakoan dago Ustarroz. "Ez da kasualitatea Bargotako aztiaren bihurrikeria asko Vianan gertatu izana". Horregatik, ikertzaileak atera duen ondorio orokorra laburbiltzeko modu bat hau da: Bargotak behar zuen superheroiaren rola Johanesi esleitu ziola tradizioak. "Vianak zuen botere handiaren aurrean herrikoak babesten zituen garaiko superheroi txikia, hain justu".

Horretarako egokiak ziren hainbat ezaugarri bide zeuzkan Johanesek. "Badakizu, herri gehienetan beti dago pertsona xelebreren bat, halako baldarkeriatan ibiltzen dena, eta agian Johanes halakoa izan zen". Horrez gain, eta historian geratu diren testigantzetatik iradokitzen denagatik, adituak uste du ordena txikiak izango zituen apaiza izan zela. "Beraz, lurrak eta errentak izango zituen; hortaz, ondorioztatu dezakegu denbora librea soberan izango zuela". Garai hartan jendea ia-ia ez zen mugitzen, baina hau gizon bidaiatua zen, eta hori beste abantaila bat zen, adituaren aburuz. Bestetik, nekromantzia ikasteko toki gisa soberan ezaguna zen Salamancako Haitzuloan egondakoa zen Johanes. "Tradizioak hori dio bederen, benetan hala izan zen ez dakigun arren".

Istorio sinestezinak

Asko eta asko dira Johanes Bargotakoari egozten zaizkion gertaera miresgarriak. Besteak beste, ikusezin bilakatzen zuen kapa batez baliatzen zen. "Hau ere argi eta garbi Grezian jatorria zuen mitoa da", azaldu du Ustarrozek. "Aintzat hartu behar da Donejakue bidea gertu dagoela, eta horrek Europatik zetozen ideien hedatzea faboratu zuen".

Tradizioak etxe honetan kokatzen du aztiaren bizilekua. Duela gutxi herrira iritsitako familia bat bizi da bertan. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Seguru aski istorio zabalduenetako bat Iruñean gertatutako pasarte miresgarria izan zen. "Behin batean, sanferminetara joan zenean, Iruñean ez zuen lo egiteko lekurik aurkitzen, eta azkenean Mikaren Ostatura joan zen. Bertan ere lo egiteko tokirik ez zeukaten, baina Johanes tematu zen, eta azkenean izkina batean lekutxo bat utzi zioten. Gela horretan zegoela, konturatu zen bertan bazegoela beste apaiz ezagun bat ohean etzanda. Apaiz horrek, gainera, aztiari beldur asko zion. "Ai, zer nolako buruko mina dudan!", esan zuen aztiak, ahotsa altxatuz. Erdi ilunpetan zegoela, burua kendu zuen, eta zoruan utzi zuen. "Orain bai lo egin dezaket!" esan zuen gero. Esan beharrik ez dago apaiz hori ziztu bizian atera zela gelatik, guztiz izuturik. Ostatukoak berriro igo zirenean, aztia lasai asko topatu zuten lotan, apaizak beldurraren beldurrez utzitako ohe horretan bertan".

Beste istorio ezagun bat Erroman kokatuta dago, eta Juan Antonio Llorentek jaso zuen 1817aren bueltan idatzitako Historia Crítica de la Inquisición de España liburuan. "Diotenez, behin bere Deabrua engainatu zuen Alejandro VI.a eta Julio II.a aita santuen heriotza saihesteko —beren bizitza pribatuak kontuan izanda, horietako edozein izan zitekeen—", idatzi zuen Llorentek. "Ezkonduta zegoen andre batekin bizi zen aita santua, baina haren senarra ezin zen kexatu modu publikoan, aita santuak emandako kargu altua zuelako, eta zenbait kardinal eta apezpiku bere senideak zirelako; edo emaztearenak. Baina ezkutuan mendekua egiteko desio handia gordetzen zuenez, bere ospe onaren kontra egiten zuena hiltzeko konjuruzkoa prestatu zen". Gauzak hala, deabruaren bitartez jabetu zen Bargotako aztia hilketa egiteko asmo horretaz, eta bere espiritu familiarrari —hots, maneiatzen zuen prakagorriari—, eskatu zion Erromara eramateko, "aita santuaren hileta ikusteko". Horrela deabrua ez zen jabetuko bere benetako asmoez. Behin Erroman, hilketa hori ekidin zuen. Eta hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan, eta atera dadila Bargotako aztiaren plazan.

Pentsamendu magiko baten aztarnak, ia-ia gaurdaino iritsiak

Garai bakoitzak bere inkisizioaren aldaera du, eta gizarte bakoitzean ezarritako pentsamendu bakarrarekin bat ez datozenak sozialki arbuiatzeko saiakerak etengabekoak izan dira historian zehar, gaurdaino. Aitzakiak bilatzerakoan, sorgintzarena izan da gehien heldu zaien argudioetako bat. Hain justu horregatik, XX. mendearen hasieran Vianan eta inguruetan bere buruaz beste egin zuten emakumeak izan zirela aipatu du Felix Cariñanosek. Belarren inguruan ezagutzak zituzten emakumeak zirela esan du etnografoak, baina presio sozialak heriotzaraino eraman zituen. "Vianan 'La coletilla' deitzen zuten andrea Ebro ibaian suizidatu zen. Begizkoa botatzen zuela esaten zioten, eta heriotza mehatxuak jaso zituen horregatik". Moredako herritar batek aurkitu zuen emakumearen gorpua. 

Horren tragikoa ez den beste arlo batera pasata, mundu magikoan abiatutako sinismenak duela oso gutxira arte mantendu izan direla dio Cariñanosek. "Txikia nintzenean, emakumeek aztiari buruzko istorioak kontatzen zituzten ezagutu izan balute bezala. Tartean, esaten zuten aztiak mandazain bat hartu eta Aguilar Kodeseko kanpandorretik eskegi zuen, bere magiari esker. Andre horiek benetan uste zuten elizaren dorrea sorginduta zegoela". Besteak beste, herriko harategian amari eta haren lagunei entzuten zizkien istorio horiek etnografoak. 

Bargotako aztiari buruz esaten zen kontuetako bat da iratxo edo prakagorriak maneiatzen zituela. Horietako baten bitartez lortu zuen, esaterako, Erromara iristea, tratu horretan deabrua ere tartean zela. Araban, Oteoko 'enemiguilloak' dira agian mota horretako ezagunenak, euskal tradizioan soka luzea izan duten prakagorrien parekoak. Baina, gaur egun hori sinestezina iruditzen den arren, izaki mitologiko horien gaineko sinismena XX. menderaino iritsi zen. Zenbait lagunen artean bederen. 

"Antonio Jalon argazkilariak, Angel Hilario Garcia de Jalon argazkilari ospetsuaren anaia zenak, iratxo hauetan sinisten zuen", dio Cariñanosek. "Nik entzuten nion nola esaten zuen etxearen goiko pisuan 'enemiguilloak' zeudela. "Hor daude, bai! Nik laguntza eskatzen diet, baina jaramonik ez didate egiten", esaten zion Jalonek Cariñanosi. 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago