Gaur egun bere burua ofizialki Guardia-Arabako Errioxako Kuadrilla gisa izendatzen duen entitateak Guardia hitza izenetik kentzea erabaki du. Hala, behin erabakiak egin beharreko ibilbide legala pasatzen duela, Arabako Errioxako Kuadrilla izango da izendapen ofiziala.
Gaur Guardian egin duten Kuadrillako Batzarrean hartu dute erabakia, eskualdea osatzen duten hamabost udalak kontsultatu eta gero. Gaurko bilkuran parte hartu duten hamazazpi batzarkideetatik Guardiako bik baino ez dute kontrako botoa eman. Hortaz, aldaketaren aldeko erabakia hartu du batzarrak.
Hemendik aurrera, aldaketa ofizialki gauzatu arte, hainbat pauso administratibo eman beharko dituzte, kuadrillako iturriek azaldutakoaren arabera. Hala, erabakia Euskaltzaindiari zein Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari helarazi beharko diete, beren aldeko txostenak eman ditzaten, eta erabakia Arabako Aldizkari Ofizialean zein zabalpen handiko hedabide batean argitaratu beharko dute. Ondoren, alegazioak jasotzeko denbora tarte bat utzita, batzarrak behin betiko onespena egin ahalko du, eta, horren ostean, Batzar Nagusietara bidali ahalko dute, bertan erabaki ofiziala har dezaten.