Espainiako Gerra Zibilaren garaian eta ondorengo frankismoan biktima izan ziren guardiarrei omenaldia egin diete larunbat goizean egindako ekitaldi baten bidez. Beren oroimena mantentzeko, plaka bat duen monolitoa jarri dute Muinoan, Felix Maria Samaniegoren estatuatik gertu, eta ozen irakurri dituzte haien izenak. "Pertsona markatuak, jazarriak, umiliatuak, bahituak, espetxeratuak, torturatuak, erailak eta haien familiak" gogoan ditu herri osoaren izenean udalak jarritako plakak.
Omenaldia eta lore eskaintzaren aurretik, xehetasun handiz garaiko indarkeria politikoa zein bere aurrekariak aztertu dituen Javier Gomez Calvo EHUko historialariaren hitzaldia izan dute herrian, No vuelvas si no vences liburuaren aurkezpena eginez. Hitzaldia osatu dute Biasteriren Adiskide Elkarteak duen museo txikiari egindako bisitaldi batekin.
Gomez Calvok Arabako Errioxako herria aukeratu du mikrohistoriaren ikuspegitik garaiko indarkeria politikoa, aurrekariak eta ondorengo bilakaera aztertzeko. Indarkeriaren biktimak ez ezik, indarkeria bultzatu zutenengan jarri du arreta, bereziki Salvador Briones liskargileak zuzendutako taldearengan. Modu berean, 1936an Guardian eraildako errepublikazaleen aipamen zabala egiten du liburuak: Domingo Caballero guardia zibila, Nicolas Santamaria nekazaria, Julio Martin maisua, Luis Puelles aguazila, Serviliano Etcheverry botikaria eta Antonio Uribe.