ARTURO LOPEZ DE LA CALLE

"Mugan gauden arren, gure proiektuak ez dauka mugarik"

Juanma Gallego 2024ko eka. 15a, 06:00

Arturo Lopez de la Calle, San Bizente ikastolako zuzendaria. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Oiongo San Bizente ikastolari egokitu zaio aurtengo jaia ospatzea. Beste behin, Gasteiz aukeratu dute, Oion bezalako herri batean logistika asko konplikatzen zaielako. Proiektuaz harro hitz egin du Arturo Lopez de la Calle zuzendariak.

Iazko protagonista izan zen Lautada ikastolako zuzendari Salome Martinez de Ilarduiaren eskutik jaso du aurtengoa antolatzeko lekukoa Arturo Lopez de la Calle (Guardia, 1977) Oiongo San Bizente ikastolako zuzendariak. 

2008tik tutore, eta 2015etik zuzendaritza arduretan. Gustura? 

Oso gustura, bai. Esango nuke sentimendu hori orokorra dela Arabako Errioxako ikastoletan lan egiten dugunon artean. Beti egon gara euskararen alde eta familiei hezkuntza proiektu hau eskaintzearen alde. Eta harro sentitzen gara horretaz. Egia da ere zailtasunak izan ditugula, noski. Adibidez, orain jaiotza tasa oso baxua da, eta kostata lortzen ditugu gelak osatzea, baina hori arazo orokorra da. 

Nolakoa da egungo ikastolaren egoera? 

1978an sei edo zortzi familiarekin hasi zenetik hazkunde nabarmena izan du ikastolak. Gaur egun 300 ikasle eta 200 familia baino gehiago gara. Oiongo ikasleak ditugu, eskualdekoak, eta ingurukoak: Gorrebusto, Moreda, Ekora, Meano… Vianatik ere, Lehen Hezkuntza bukatzen dutenean etortzen direlako gurera Bigarren Hezkuntza egitera. Errioxatik ere portzentaje handi bat datorkigu: 80 bat ikasle; bertatik hiru bus linea ditugu. Hala, Errioxara joan diren familia euskaldunek aukera dute beren seme-alabek euskaraz landutako proiektu honetan parte hartzeko. Aintzat hartu behar da non dagoen Oion: mugan gaude, aurtengo Araba Euskarazen leloak adierazten duen moduan. 

Zer filosofiarekin jorratuko da aurtengo Araba Euskaraz?

Mugaezin leloarekin adierazi nahi dugu mugan izanda ere gure proiektu honi ez diogula mugarik jarri nahi. Ateak denontzako irekita daude. Berdin nondik etortzen zaizkigun ikasleak, beraiei ahalik eta baliabide gehien eskaintzen ahaleginduko gara. Oiongo gazteentzat, inguruko gazteentzat, etorkinentzat… hemen eskaintzen duguna da kooperatiba sisteman oinarritutako proiektu bat, eta familiek garrantzi handia dute gure erabakietan. Logoari dagokionez, zortzi petaloz osatutako eguzki-lorea agertzen du, erdian ikus daiteke euskarari erreferentzia egiten dion e moduko bat. Koloreak ere badu zerikusia Arabako gariarekin edo landatzen diren bestelako produktuekin.

"GURE ATEAK BETI EGON DIRA IREKITA; ORAIN ERE IREKITA DAUDE, ETA IREKITA JARRAITUKO DUTE"

Duela hainbat urte polemika piztu zen, ikastolek ustezko "segregazioa" bultzatzen zutelakoan. Giro lasaiagoa sumatzen dut nik orain, batez ere Gasteiztik kanpo. Nola ikusten duzu zuk egungo egoera?

Guk ez dugu inoiz aterik itxi. Ateak irekita egon dira, daude, eta egongo dira. Kanpoko ikasleak etorri direnean, jaso ditugu, eta oso pozik, gainera. Eta hori egin dugu oso baliabide gutxirekin, guk ez dauzkagulako Hezkuntza Publikoan dituzten baliabide berdinak.

Gai konplexua da elkarrizketa arin batean azaltzeko, ezta?

Oso konplexua, bai. Abiapuntua da garai batean Gasteizen zegoen Eskolaratze Batzordeak zuzenean egiten zizkietela matrikulak familia etorri berriei. Garai horretan [bertoko] familia gehienek egin zuten apustua ikastolen alde, eta ez hainbeste eskolaren alde. Agian egoera orekatu nahian, gelak bete ziren, eta egoera hori luzatu da urteetan. Azkenean, etorri diren familia berriek aurkitu dute eskola publikoan zituztela senideak, lagunak edo ezagunak. Ia-ia inertziaz izena eman zuten eskola publikoan. Baina ez hemen ateak itxita ikusi dituztelako. Gatazkan sartzen zen beste puntu bat kuotei zegokiena zen. Gurean kuotak ez dira derrigorrezkoak, baina gehienetan ez dugu aukerarik izan hori azaltzeko, familia horiek ez zirelako etortzen. Hainbat udaletara jo dugu, beste zerbitzuak azaltzen zaizkien modu berean, etorri diren familia berriei azaltzeko Oionen bi ikastetxe daudela aukeran. Arrazoi ekonomikoak tarteko, kooperatibista izan ezin direnekin beti alternatibak aztertu ditugu. Kooperatibista izateko, baina, kuota ordaindu behar da. Finantzaketa ez da %100koa. Eta falta zaigun zatiarekin familia guztien artean osatu behar dugu. Gure zulo handienetakoa garraioa da, guk ordaindu behar dugulako. Baina hezkuntza doakoa da.

Orain aldaketa bat etorri da...

Bai. Orain Hezkuntza Sailak zaurgarritasun tasa orekatzeko lege bat du. Ghettoak sortu direnez, ikasle horiek hona bidali nahi dituzte. Oso ondo, ekarri gurera. Ikasleak joan daitezela nahi duten tokira. Baina, ikasleekin batera, jarri baliabideak ere. Guk zerbitzu publiko bat ematen dugu, gure ikasleak autobusetan etortzen dira, bazkaldu behar dute, baliabideak behar dituzte…. Negoziaketa horretan ari gara. Gainera, arazoak sortu dira, ikastolako familia batzuk hemen plazarik gabe geratu direlako, nahiz eta plaza fisikoak izan, zaurgarriak ez direnentzako plazak geratu ez direlako. Eskola publikoan arazoak daudenean, baliabide gehiago eskatzen dituzte. Baina guk inoiz ez dugu esaten ezer kentzeko eskola publikoari guri emateko.

Araba Euskarazekin zer behar ekonomiko ase nahi dituzue?

2015eko Araba Euskarazekin jantokiko obrak hasi genituen. Obrak bukatuta daude, noski, baina horien mailegua ordaintzen ari gara oraindik kooperatibisten artean. Aurten lortutako diruarekin gustatuko litzaiguke mailegu hori amaitzea. Funtsean, familiei lagundu nahi diegu, maileguari dagokion kuota hori behingoz kendu ahal izateko. Gero entzun beharko dugu elitistak garela: bi Araba Euskaraz antolatu behar ditugu jangela bat ordaindu ahal izateko. Ikastola baten egoera zein den oso ondo adierazten du horrek. Bai zera, elitistak!

2015etik zuzendaritza lanetan dabil Lopez de la Calle. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Jaia Gasteizen zentralizatzea erabaki zen. Zelan ikusten duzu? Funtzionatu du honek?

Hori herri batzuen eskaerari erantzuteko erabakia izan zen. Gu izan ginen, hain justu, lehenengoak 2015ean jaia Gasteizera eramaten. Zergatik? 2009an Oionen egin genuen azken festara oso jende gutxi etorri zelako. Egia esan, herri txiki batean bost edo sei gune jartzeak izugarrizko antolaketa eskatzen du. Ikusi genuen Oion ez zela toki erraza makrojai bat antolatzeko. Gasteizkoa oso ondo atera zen. 15.000 edo 20.000 lagun jasotzeko, askoz errazagoa da. Hortik hasi zen planteamendua irekitzen, eta duela hiru urte mahai gainean jarri zen Gasteizen egiteko aukera, nahi zuenarentzat.

Beraz, aukera zabalik dago?

Bai. Are, hainbat ikastolek aurreratu dute beren txanda iristean herrian egingo dutela. Hala eta guztiz ere, hemen ere mini Araba Euskaraz bat antolatu dugu. Tartean, Mugaezin jaialdia egin dugu herrian, hemengo familiek herrian bertan ospatu ahal izateko.

Proiektu pedagogikoaz, zer nabarmenduko zenuke?

Oso harro gaude. Zaintzen dugun arlo inportanteena ongizate emozionala da. Ikasle bat ondo ez baldin badago, ezin du ikasi. Hortik hasita, nahiko aitzindariak gara Matematikako proiektuetan eta beste hainbatetan. Bukatzean, jarraipena egiten zaie ikasleei, eta argi dago proiektuak oso emaitza onak dituela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago