Arabako Errioxako helduen euskalduntzean urteak daramatzan IKA euskaltegia omenduko dute igandeko jaialdian. Duela 45 urte ikastolako guraso talde batek lehen euskara eskolak jaso zituen AEKren eskutik, eta bide hori sendotuta euskaltegia ere sortu zuten eskualdean, 1991tik aurrera IKAko irakasleen esku geratuko zena. "Egin duten lan handi hori aitortu eta omendu nahi dugu aurtengo ekitaldian", nabarmendu dute Araba Euskarazen antolatzaileek.
Irakasle talde horretara 1992an batu zen Andoni Landa (Azpeitia, 1966), eta ondo gogoan du urteotan euskaltegiko lanak izan duen bilakaera. Oraindik egiten dituzten herriz herriko joan-etorriekin batera, besteak beste, ordutegi aldaketa handiak izan dituzte urteotan, ardogileen lan sasoietara egokitzen baitziren garai batean eskolak, eta autoikaskuntzarako online eskaintzak aukera desberdinak ireki dizkie ikasleei azken garaiotan. Aldaketa nagusiena, baina, ikasleen motibazioan nabaritu du Landak. Orduan "euskaldun sentimenduari bide ematea" zen motibazio nagusia euskaltegira gerturatzen zirenen artean. "Gurasoek zerbaitengatik aukeratu zuten euren seme-alabek euskaraz ikastea, eta hori zen arrazoi nagusia euskaltegian euskara ikasteko". Aldiz, gaur egun, "instrumentaltasuna" nagusitu da. "Lehen inork gutxik zuen buruan titulua, eta gaur titulua lortzea da helburu nagusia, hori motibazio bakarra ez bada ere".
Ildo horretan, atal akademikoaz harago, bestelako egitasmoak beharrezkoak direla uste du Landak, eta, besteak beste, Ttiki-Ttaka euskara elkarteari esker bestelako eskaintza egiteko aukera dutela gogoratu du, baita Arabako Errioxako ikastolekin batera ere. "Elkartearen bitartez, euskara erdigunean jartzea da erronka; pertsonalki, sozialki eta politikoki erdigunera eramatea; kontzientzia falta horretan eragiten saiatzen ari gara". Guraso-lagun proiektuari esker, adibidez, umeak ikastolatik atera, eta, astean pare bat ordu behintzat, gurasoak elkarrekin euskaraz entzuten dituzte. "Umeei laguntzeko bakarrik ez da, noski, baina umeei ere laguntza handia emango litzaieke gurasoak euskaraz entzute hutsarekin".
Ikastolako ikasleak
Gaur egun, 150 bat lagunek ikasten dute Arabako Errioxako euskaltegi desberdinetan, eta, IKAk ikastolekin duen akordioari esker, hiru urtez bi orduko euskara eskolak jasotzen dituzte ikasleek, DBH4tik hasita, C1 mailako trebetasuna lortzeko helburuarekin.
Pandemiaz geroztik, online esperientzia indartu dutela azaldu du Landak. Arazo handiak izaten dituzte urtero taldeak osatzerako garaian, eta norbere lekutik ikasteko eskaintzak aukera erraztu die ikasleei. Ordutegi eta maila desberdinen artekoak adostuta, esate baterako, Mendabian bizi diren bi lagun, Bastidan bizi diren beste bi eta Logroñoko beste bat elkartzeko aukera ematen die horrek. "Ikusi dugu bakarka ez duela ondo funtzionatzen ikasketak. Zerbaiten parte izan behar du, eta talde hori online bada ere, taldea izan dadila".