Joan den apirilaren 14an Duchenneren muskulu distrofiaren kontra herrian egin zuten diru bilketa solidarioan jasotako 18.266 euro Duchenne Parent Proyect España elkarteari eman dizkio Oiongo Udalak.
Haurren muskulu distrofia eragiten duen gaixotasun arraroa da Duchenne. Gaitzari aurre egiteko ikerketaren alde dirua biltzeaz gain, apirilean egindako hitzorduan gaitzaren gaineko informazioa zabaldu nahi izan zuten. Besteak beste, lasterketa solidarioa, herri bazkaria, futbol txapelketa edo karakolada egin zituzten.
Gaixotasun arraroa izan arren, herrian gertutik ezagutzen dute, inguruan dagoen Kripan herriko haur bati eragiten diolako.
Ohar batean, enpresa, taberna, erakunde eta inguruko udalen "parte hartzea eta konpromisoa" eskertu du udalak; aurreratu dute "gaurtik bertatik" lanean jarriko direla datorren urtean kopuru hori gainditzeko.