Modu ofizialean Guardia-Arabako Errioxako Kuadrilla deitzen den erakundearen izenetik Guardia terminoa kentzeko EH Bilduk aurkeztutako proposamenari ezetz esan dio Guardiako Udalbatzak, aho batez.
Aurreko udal batzarretan aurreratu zutenari jarraiki, EH Bilduko bi zinegotziek ere izena aldatzearen kontra bozkatu dute, kuadrillaren azken batzarrean beren alderdiak aurkeztutako proposamenari ezetz esaten.
Joan den apirilean EH Bilduk aurreratu zuen izena aldatzeko proposamena egingo zuela, beste hainbat kuadrillatan jarraitu izan den irizpideari jarraiki. Hala, Zuiako Kuadrilla Gorbeialdea da egun; edo Kanpezukoa, Mendialdea. Azken Kuadrillako Batzarrean gaia jorratu ostean, kuadrillak udal guztiei eskatu die gaiaren bueltako jarrera bat hartzeko, eta eskari horri erantzun dio orain Guardiak.
Ostiralean egindako azken udal batzar horretan PPko zinegotzi Cesar Garcia de Olanok proposatu du izena aldatuz gero armarria ere aldatu beharko luketela, Guardiako armarria delako egun azaltzen dena kuadrillaren heraldika ofizialean. Udal idazkariak, ordea, ohartarazi dio bi bide administratibo desberdin direla, eta, bigarren proposamen hori egin nahi izanez gero beste idazki batean landu beharko luketela armarria aldatzeko eskaria.