Alvarez de Eulate omendu dute, 111 urte geroago

Erredakzioa 2024ko mai. 27a, 10:44

Monolito baten gainean plaka jarri diote, eta inguruan olibondo bat landatu dute. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Herriari egindako dohaintzak eskertzeko plaka bat jarri eta olibondo bat landatu dute oliokulturaren lehen jaian. 

Udalerriari hainbat dohaintza egin zizkion Eustaquio Alvarez de Eulate lantziegarrari aitortza egin diote igande honetan, herrian ospatutako oliokulturaren lehen jaiarekin batera. 

Argentinan apaiz ibili ostean, 1913. urtean Alvarez de Eulatek herrian zituen ondasun guztiak laga zizkion bere jaioterriari. Besteak beste, etxe bat, olio dolare bat eta ortu bat —orain herriko parke nagusia dena— utzi zituen.

Atzoko ekitaldian, plaka bat jarri diote, eta haren omenez olibondo bat ere landatu dute. Aitortza ekitaldian, omendutakoaren ondorengoa den Jose Antonio Alvarez de Eulate labrazarrak parte hartu du. Haren alboan egon dira herriko kultur eragile eta auzokideak, udalaren eta kuadrillaren ordezkariekin batera. 

Besteak beste, Edorta Lamo sukaldariak parte hartu du eguneko ekitaldietan, sukaldaritza erakustaldia egin baitu bertan. Horrez gain, egunean zehar, olioztatutako ogi txigortua, olio dastaketa eta salmenta, udal dolareari bisitaldi gidatua, musika eta dantza izan dituzte, besteak beste. Bezperan Sapo konpainiak kaleak girotu ditu, Armendarizko Markesa, Sebastian Iradier Salaberri eta Lorenzo Fernandez de Viana eskultorearen paperak irudikatuz.

Azken hau izan daiteke, hain zuzen, aitortza jaso dezakeen hurrengo pertsonaia historikoa. Izan ere, otsaileko azken osoko bilkuran ere PSEk eskatu zuen egungo El Coso kaleari eskultorearen izena jartzeko, artista lantziegarrarekin "herriak duen zorra" kitatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago